Euskal Encodingsen bitartez lortutako azpidatzi batzuei esker, gehikuntza interesgarriak aste honetan Azpitituluak Euskaraz webgunera. Horien artean, 2023 hasiera honetako telebista-fenomenoa, The Last of Us telesail arrakastatsuaren lehen denboraldia, osorik euskaraz gozatzeko aukera, oraintsu amaitu delarik 9 atalen ondoren.
HBOrentzat sortu da The Last of Us, duela urte batzuetako bideojoko arrakastatsuan oinatrritua. Jokoa ezagutu beharrik ez dago telesailaz gozatzeko. HBOk ez du euskarara oraingoz ezer azpidazten, baina Euskal Encodings-eko bolondres batzuk izan dira kasu honetan lana hartu dutenak.
Ingurune post-apokaliptiko batean gertatzen da The Last of Us. Pandemia hilgarri batek mundua hustu ondoren, 20 urte igaro dira, eta bi pertsonaiaren ibilerak ezagutuko ditugu batez ere: Adin ertaineko gizon bat (Pedro Pascal euskal jatorriko txiletarra da Joel) eta neska nerabe bat (Bella Ramsey, fikzioan Ellie) dira protagonista nagusiak. Bizirik irauteko borrokan dabiltza mundu apokaliptiko batean, eta haien arteko maitasun samurrak telesailaren istorioa zeharkatzen du. Elkar zaintzen dute. Bizitza salbatzen dio neskak gizonari, eta gizonak neskari.
Jasotako goraipamenetan, s01e03 hirugarren atala telebistako maisulan gisa definitu dute batzuek: protestak ere eragin ditu kultura-ikuspegi aurrerakoiak woke hitzarekin definitu nahi duten atzerakoien artean (badakizue, elfo beltzak ezinezkotzat jotzen dituzte fatxa jendea). Atal horretakoa da fotograma.
Beste gehikuntza interesgarri parea ere aste honetan, kasu hauetan ere Euskal Encodings-eko lagunen eskuzabaltasuna tarteko.
The Boys, Amazon Prime Video plataformaren arrakastetako bat 2019tik, orduan erdara hutsez baina berriki euskarazko azpidatziak jarri dizkiete orain arteko hiru denboraldiei, eta geurean daude jada. Superheroiren munduaren inguruko ikuspegi ilun eta brutal ematen da telesailak. Ongiaren aldeko heroi batzuk badaude, baina korporazio batean bildutako superheroi ospetsuenak egolatra arriskutsu batzuk dira gehienbat, eta haietariko batzuk zital eta gaiztoak benetan, bereziki The Homelander deritzona, ustez guztien artean liderra eta super-botereetan indartsuena. Lan honen jatorria komimi sorta bat dago.
Telesaila izan zen halaber Luther, zenbait urtez Idris Elbaren luzimendurako serie britainiarra. Orain Netflixek filma egin du, Luther The Fallen Sun, telesailaren noziorik izan gabe ere jarraitu daitekeena, eta hau ere euskaraz banatu da, eta geurerako lortu ditugu azpidatziak.
Erantzun
Sartu