Teknologia albisteak

Txori behatzaile baten aholkua: ezagutu Doñana

Erabiltzailearen aurpegia
2020-01-14 : 08:30

Datorren Aste Santurako irteera bat planifikatzen ari bazara, iaz egin nuenetik iradokizun bat: Doñana, Andaluzian, Europa hegoaldeko Parke Nazionalik handienetakoa. Hegaztien migraziorako ezinbesteko hezegunea, hainbat espezie mehatxaturen etxea... Europako naturgunerik garrantzitsuenen artean dago, zalantzarik gabe.

Benetan babestuta balego, ikaragarria litzateke, Doñanak jasaten dituen eraso eta arazoen zerrenda ikaragarri luzea baita, gehienbat nekazaritza-eredu okerrekin lotutakoak (habitat galera, kutsadura, akuiferoak baimenik gabe erabiltzea, nekazaritza intentsiboa...).

Hala ere, eta arazoak arazo, hegaztiak behatzeko Europako tokirik onenetakoa izaten jarraitzen du Doñanak. Espezie-txorta amaigabea aurkitu daiteke bertan, mehatxatutako zenbait espezie ikusteko tokirik aproposena ere bada eta migrazio-garaian milioika txoriren topagune, Doñana-Tarifa inguruan elkartzen baitira Gibraltargo itsasartea gurutzatu aurretik. 

Doñanako parke naturala - 10

Uroilo urdina (Porphyrio porphyrio)

Handia, zabala. Handiegia, zabalegia. Oinez gustatzen zait hegaztien xerka aritzea, eta Doñana kotxez egin beharra dago, zatirik handienak behintzat. Errepide gehienak laborantzarako erabiltzen dira, eta irekita daude, publikoak dira. Adi, hala ere, ez daudelako ongi seinalizatuta eta zuloz beteta daudelako, eta euria egin ostean, lokaztuta.

Parke Nazionalaren erdigunea ezin da bisitatu (zati batzuk bakarrik, eta Parkeko gidarien laguntzarekin). Inguruko eremuak dira bisitatu daitezkeenak, eta hainbat harreragune eta sarrera daude. Laburbilduz, esango nuke hiru eremutan bana daitekeela, probintzia bakoitzean bana, hemengo mapan adierazi ditudanak, Cadiz, Huelva eta Sevillan:

Egun batzuk Doñana aldean: ingurune interesgarrienak eta ikusitako espezieak

Blog artikuluan zehatzago toki bakoitzetik abiatuz bisitatu daitezkeenei buruzko gomendioak. Baita ere behatutako hegaztien zerrendak eta hainbat argazki (hau ilustratzeko aukeratuak, uroilo urdina, P. porphyrio eta beltzaranak, Plegadis falcinellus) eta bideo-kaptura.

Hortik aurrera, informazio zabala nahi duenari, Dónde ver aves en Doñana gida-liburua gomendatuko nioke.

 

 

.................

Jatorrizkoa Eibartik blogetik moldatua, CC-BY-SA lizentziari esker).

Erantzun

Sartu