Teknologia albisteak

Hautespen naturaletik aparte, eboluzioan badira beste faktore batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
2019-03-07 : 10:14

150 urte inguru igaro dira Charles Darwinek eboluzioaren inguruko teoria argitaratu zuenetik. Eboluzioaren ideia finkatu zuen, eta eboluzioa gidatzen duen mekanismoa ere proposatu zigun, hautespen naturala. Baina hara, irakurketa batzuetatik, apunte batzuk: hautespen naturaletik aparte, eboluzioan badira beste faktore batzuk. 

Eboluzioarena, egia absolutua da, jakina. Horrela da eta kitto. Gaur egun inork gutxik jarriko du zalantzan. Bigarren kontzeptuaren inguruan, ostera, gero eta argiago dago hautespen naturala ez dela eboluzioaren mekanismo bakarra. Edo hala uste dute hainbat ikerlarik, behintzat, darwinista ertsi edo neodarwinisten teoria sintetiko "ofizialari" aurre eginez.

Alderdi hori da, hain zuzen ere, Javier Sampedrok 270 orrialdeko saiakera interesgarri honetan laburbiltzen duena. Azken 150 urteotan (eta gehienbat azken 50 urteotan) eboluzioa eta espeziazioa bideratzen duten mekanismoen inguruan izan diren eztabaidak jartzen ditu mahai gainean. Hori guztiori, batez ere, biologia molekularraren eta genetikaren ikuspegitik aztertuta, eta adibide ugariz hornituta. Modu sakon eta zientifikoan, baina baita era ulergarri eta didaktikoan ere. XX. mendeko izen handiak azaltzen dira orrialdeotan, nola ez (Gould, Mayr, Dobzhansky, Crick, Margulis, Chomsky,...) eta eboluzioaren inguruan sortu diren teoria eta ikuspegi nagusienak ere laburbiltzen ditu Sampedrok (saltazionismoa vs. gradualismoa, Margulisen endosinbiosia eta sinbiogenesia, Goulden oreka taidunaren teoria, eta abar).

Adibide garbi eta datu argietan oinarrituta, Sampedrok adierazten du hautespen naturalak bakarrik nekez azaldu dezakeela eboluzioa. Eboluzioa ezin daitekeela gertatu, soilik, denbora-tarte luzeetan gertatzen diren eta populazioan metatzen joaten diren aldaketa gradual txikien bidez. Hau da, hautespen naturalak espezieak moldatzen dituela, gene batzuen (eta populazioko ale egokituenen) biziraupena handituz eta euren oinordekotza handituz, baina espeziazioa (edota klado nagusien agerpena), ez dela modu gradual batean ematen, saltoka baizik, hautespen naturalak bakarrik azaldu ezin ditzakeen mekanismoen bitartez.

Esan bezala, hainbat adibide eta azalpen ematen ditu, baina bizitzaren historian izan diren bi gertaera dira bereziki lantzen dituena. Eta ez edonolako gertaerak, gainera, gure planetako bizitza errotik diseinatu baitute biek.

  • Zelula eukariotoen agerpena da lehenengoa, Margulisek proposatutako endosinbiosiaren bidez azaldua. Mila milioi urtez zelula prokariotoak bakarrik izan ziren munduan eta, bapatean, zelula eukariotoak agertu ziren, egitura erabat ezberdinak eta eboluzioaren hurrengo urrats guztiak baldintzatu zituztenak. Eta zelula eukariotoen agerpena hobeto uler daiteke prozesu endosinbiotiko baten ondorioz hautespen naturalaren ondorioaz baino.
  • Urbilateriaren agerpena eta eboluzio bixkorra da beste adibide bat (ilustrazioko irudia: nola dibertsifikatu diren animalia bilateral simetrikoak), Kanbriarreko eztandarekin lotutakoa. "Egun batetik bestera" (denbora-neurri geologikoetan, uler bedi), simetria bilaterala agertu zen munduan (marmoketan mantendu den ordura arteko simetria radialaren ordez), eta 10-20 milioi urte eskasean gaur egungo animalia talde nagusi guztiak sortu ziren: moluskuak, anelidoak, araknidoak, intsektuak, kordatuak,.... Hori ere, nekez azaldu daiteke hautespen naturalak gidatutako prozesu geldo baten bidez, eta errazago, ostera, Hox geneen duplikazio azkarraren bidez.

Laburbilduz: hautespen naturala hor dago, eta mekanismo garrantzitsua da eboluzioan, baina seguru asko ez da izango funtzio eta egitura aldaketa handienen erantzule (edo erantzule bakarra, bederen).

Erantzun

Sartu