Lasai, mundua ez da gaur bukatuko. Baina zure poza ez da betirako izango. Izan ere, lurrak ere badauka iraungitze-data, zure izozkailuko yogurrak bezala: 5000 milioi urte barru desagertuko da, eguzkia erraldoi gorri bihurtu eta lurra xurgatuko duenean. Bizitza, hala ere, dexente lehenago desagertuko da. Zer esanik ez gizakia. Baina tira, ez arduratu: gaur ez behintzat. Gaur talo eta txistorra eguna da (kuriosoa: taloa ere maiek asmatu zuten(edo)).
Oharra: artikulua irakortzeko gomendatutako soinu-banda: Mozarten Requiema. Perfektoa da.
Badakizue, azken egunotan badirudi ez dela gai interesgarriagorik egon munduan. Planetaren suntsiketa, hekatonbea, eta abarrak. Tarteka-marteka agertzen diren ideia apokaliptiko horietako bat, besterik ez. Gari Berasaluze Kalaportuk laburpen egokia egin du bere blogean (gaurko suntsiketaz eta aurrekoetaz).
Baina jaun-andreok, mundua gaur ez bada desagertu, ez pentsa zuen zoriona betierekoa izango denik. Izan ere, mundua bukatu bukatuko da. Gutxi gora-behera noiz gertatuko den ere jakin badakigu. 5000 milioi urte bakarrik geratzen zaizkio.
Ba bai. Eguzki sistema orain dela 4.600 milioi urte jaio zen, hodei molekular erraldoi baten kolapsoaren ondorioz. Orduan jaio ziren eEguzkia, lurra eta gure sistema osatzen duten gainontzeko planeta, satelite eta abarrak. Midlife crisis adinean dago, beraz. Bere bizitzaren erdia egin du. Osasunez ez ondo-ondo, txakalaldiekin, baina oraingoz tinko. Baina badakizue, 40 urtetik aurrera hasten da gainbehera, eta hemendik aurrera dena okerrera joango zaio lurrari, eguzkia bera ere zahartzen hastearekin batera.
Gure planetaren etorkizuna, eguzki-sistema osoarena bezala, bere erdigunean dagoen izarraren gora-beherekin lotuta dago. Elkarrekin sortu ziren, eta elkarrekin hilko.
Lurrak berak ere, bere barne dinamikarengatik, aldaketak izango ditu. Datozen milioika urteetan, esate baterako, Milankovitchen teoriak aurreikusten duenez, glaziazio-ziklo berriak ere gertatuko dira, eta lurraren nukleoa bera ere aldatu egingo da eta horrek ere lurrazalean eragina izango du, noski. Aldaketa nabarmenena, beharbada, kontinenteen egituran eta osaketan gertatuko da. Plaken tektonikaren ondorioz, superkontinente erraldoi bat sortuko da, kontinente bakarra. 250-350 milioi urte barru izango da.
Dena dela, horiek txikikeriak dira. Aldaketa nabarmenenak Eguzkian gertatuko diren eraldaketekin lotuta egongo dira. 500-1000 milioi urte barru, esate baterako, eguzkitik datorren argitasuna asko igoko da, eguzkiaren nukleon helioa metatzearekin batera. Ondorioz, hurrengo milioika urteetan, lurreko ozeanoak desagertu egingo dira eta kontinenteen jitoa gelditu egingo da. Lurraren tenperatura izugarri igoko da.
Ordurako, gure planetako bizitza desagertuta egongo da (ziurrenik askoz lehenago). Argitasuna eta tenperatura igo ahala, CO2 kantitatea gure planetan jaitsi egingo da, landareak desagertaraziz. Eta landarerik gabe, ezta oxigenorik ere. Ergo, ezta animaliarik ere.
Bizitzarik gabe ere, Lurrak hortxe jarraituko du, jira-bueltaka, beste milioika urte batzuetan zehar. Hala ere, hortik aurrera, eguzkia handitzen hasiko da, gutxinaka. Erraldoi gorri bihurtuko da eta bere diametroa handitzen joango da. Lurraren orbita harrapatuko du eta gure planeta xurgatuko (nolabait esatearren). 5000-7000 milioi urte barru izango da, gaur egungo zientzilarien ustez.
Et c'est fini, mes amis.
Guzti honek etengabe gogoratzen dit The restaurant at the end of the universe liburu gogoangarria, non pertsonaje aldra bitxi bat jatetxe batean elkartzen den; zer eta unibertsoaren kolapsoa eta amaiera elkarrekin ikusteko. Ni hantxe egongo naiz. Gonbidatuta zaudete. Ikuskizun ederra izango da.
Argazkia: Red Giant Earth (Wikipedia).
Erantzun
Sartu