Teknologia albisteak

Euskaltzaindia: hausnartzeko tenorea

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-22 : 02:14
Bildu egin dira Euskaltzaindikoak. Komunikatu laburra atera dute, minimoen akordioa dela iduri. Batzorde guztiak pareko eta euskaltzain guztiak maila bereko. Hausnartzeko denbora hartuko dute. Aurreko egunetako ikamikak ez dira inorentzat onuragarriak eta elkarrizketa da arazoak konpontzeko bidea. Aurrekoan nioen tamalgarria litzatekeela krisia ustel gainean ixtea. Horrela izango den zantzuak badaude, alabaina. Beren laburrean, kezkagarriak dira hitzok. Hausnarketa horretarako gaia emango dut, ea euskaldunoi oraingoan entzuten diguten. Milaka gara egun euskara irakasle, itzultzaile, esatari, kazetari, hizlari, idazle… euskara eguneroko lanabesa dugunok

Gramatika eta hiztegi batzordeak garrantzitsuenak zirela zioten dimisioa emandakoek. Arrazoirik ez zuten falta, hizkuntzaren araugintzaren muina bi arlo horietan biltzen baita. Hizkuntza akademia baten zereginik behinena, erakunde publikoek Euskaltzaindiari luzatua, hizkuntzaren arautzea da. Beste batzorde batzuen gaiek, berriz, gutxi dute arautzeko. Literaturarena izan daiteke adibiderik argiena. Nik, berriro ere, ondoen ezagutzen dudanaz emango dut iritzia eta gogoetarako bazka, onomastikaz alegia.

Onomak edo izen bereziak, izen arruntak ez bezala, elementu linguistikoak dira baina ez gramatikalak. Hizkuntzari dagozkio baina ez gramatikari. Erraz frogatzeko ebidentzia da hau, baina argudioak teknikoak dira eta beude oraingoz. Onomek, hizkuntzako gainerako elementuek bezalaxe, osagai fonetikoa dute eta ondorioz dagozkion hizkuntzaren sistema grafiko estandarraz azaldu behar dira. Hortik aurrera ezer gutxi dute araugarria onomek. Egoera diglosikoaren eraginez desitxuraturiko onomak egon daitezke eta horiek nolabait txukundu behar dira. Gutxi batzuk izan daitezke gaur egun holakoak. Ez dago besterik. Arautzaileek ez dute bestelako lanik onomekin. Honi gaineratu behar zaio onoma gehientsuenak ondasun pribatuei dagozkien izenak direla. Komertzioak, etxeak, lursailak, pertsona izenak… jabego pribatukoak badira, ezin du ez administrazioak ez inongo akademiak hor eskua sartu. Inork ez dauka neure etxearen izena zein den edo nola idatzi behar dudan esateko eta are gutxiago agintzeko eskumenik, ezta neure seme-alaben izenak ere, besteak beste. Azken kasurako, legeak izen erdeinuzkoak erabili ez daitezen bermea ematen du, eta generoari dagokionez ez daitezen anbiguoak izan. Hortik aurrera erabateko askatasuna eskaintzen digu. Badakigu Euskaltzaindia horiek eta gehiago kontrolatzen aritu dela, bere eskumena nasaiki gaindituz eta gizartean ezinegona sortuz.

Kasik hilabete eman genuen geure seme txikiari izena jartzeko. Iparraldeko izen tradizionala zen aukeratuta geneukana. Orduan, 12 urte beteko dira egunotan, atera berri-berria zen izendegian kendua zuten izena, ordea. Egunero joaten nintzen epaitegiko mostradorera eta semeak izenik gabe jarraitzen zuela berretsi. Salaketa jarrita, azkenik, epaileak onartu behar izan zigun Euskaltzaindiak propio debekaturiko izena. Bien bitartean, alaba jaioberriari Lexuri, Goiuri, Lierni izenak jartzera joan eta sistematikoki eta harrozpuzkeriaz ukatu zieten guraso suminduak ezagutu nituen. Pribatua ere kontrolatzeko gurari eta praktika honen atzean hiru interes doilor daude gutxienik. Lanik eta beharrik ez dagoen arloan lana eta beharra sortu, lehenik. John Dewey filosofo amerikarrak zioen orain dela 75 urte ezen “problems that are self-set are mere excuses for seeming to do something intellectual, something that has the semblance but not the substance of scientific activity”. Sutea eragiten duten suhiltzaileak ere ezagutu ditugu, edo ofizio horretan kontrata zitzaten suak piztutakoak. Bigarrenik, izenak jartzeko gaitasun jainkotiarra baliatuz besteen gainetik sentitzeko egolatria patologikoa. Azkenik, Euskaltzaindiaren presentzia soziala areagotzea, presentzia hori dohainikakoa ez delarik bereziki. Ez noa hemen presentzia sozial itogarri hori nola eskuratu duten zehaztera. Elpidio J. Silva epaileak esan berri du esateko dituenak esango balitu sistemak ez lukeela iraungo. Etxeko sua etxeko hautsez estali dezaten utziko diegu. Horretaz ere hausnartu beharko dute eta modu batera edo bestera konpondu. Prozedura ezlegitimoez eta are okerragoez ehundutako monopolioa desegin beharko dute, eraitsi, erraustu, ahaztu, … konpetentzia desleialari uko egin eta ikerlarioi berriro lan egiten utzi. Ez dira falta, gainera, merezimendurik batere gabe barruan sartu dituztenak eta egun duten kurrikulu bakarra bertan egina dutenak. Dirua ere ez makala, han eta hemen egin gabeko lan eta komisioen truke. Argiketari hari gertatutakoa gertatu zaio bati baino gehiagori Onomastika Batzordean:

– Zertara zatoz?

– Entxufearen kontuagatik!

Eta betiko entxufaturik geratu. Sistema, alabaina, zabaldu egin da, instituzionalizatu. Krisiaren sua piztu zuen Gramatika Batzordetik kanpoko gramatika erabilgarriago hori egiteko jendea ere halaxe fitxatu dute. Ez da gramatikaz asko jakin behar, nahikoa da aitabitxien laguna izatearekin. Holakoxeei luzatu diete gramatika berezi horretan parte hartzeko gonbitea. Pentsatu nahi dugu azken bilkuraren ondoren, azken mugimendu hori damutu zaiela eta atzera egin behar dutela. Garaiz daude tentabide horiei ere uko eginda, jendea, edozein delarik bete beharreko funtzioa, metaturiko merezimenduen arabera gardentasunez hautatzeko.

Beste gaitz bat egunotan azaleratu dena lanaren kalitatearena da. Hilberako lan sakonak alde batera utzi dira eta hilberriko lan azalekoak gailendu azken urteotan. Halamoduz sarturiko prestakuntza frogatu gabeko jendea akaso ez da besterik egiteko gauza. Nabarmena da, eta bestetan salatua, gaitz hau Onomastikan. Gauza bertsua egin nahi izan dute gramatikarekin orain. Merezimendu akademiko eta intelektualek pisua galdu dute “diplomatikoen” aldean, politikatik harturiko eredu hondagarria inposatu.

Badute zer hausnartu franko, zer zuzendu dezente. Nik neurea egin dut.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago