Teknologia albisteak

Ez fidatu Osakidetzan 'Quantus Skin' azterketa egiten badizute

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2025-07-10 : 09:43

Civio fundazioak salatu duenez, Osakidetzak darabilen AA sistema batek (Quantus Skin) kontratuan agindutakoa baino askoz efikazia gutxiago dauka. 1.6 milioi euroko inbertsioa da, larruazalaren melanoma minbiziak detektatzea du helburu, eta bere emaitzak eskatu zuen %85eko fidagarritasunetik behetik dabiltza. Orin arruntak melanoma okertzat hartzen ditu 5 kasutik 1etan; eta melanoma direnetatik heren bat ez ditu detektatzen. Azal iluna baduzu, arazo extrak, bide batez.

Asisa aseguru etxearen menpeko enpresa bat da Quantus Skin garatu duena. Transmural Biotech deritzo eta Bartzelonako enpresa da. 2021ean emaitza onak dokumentatu zituen azterketa bat egin zuen publiko Transmural Biotech-ek, eta hurrengo urtean kontratua lortu zuen Osakidetzarekin

Baina 2025ean beste azterketa bat egin dute beste ikertzaile batzuek, eta Quantum Skin ez dela hain ona diote. Besteak beste, honako datuengatik:

  • Sistemaren sentsibilitatea agindutakoaren azpitik dago, %69an. Beraz, hiru melanomatatik bat (%31) ez du detektatzen.
  • Oker positiboak ere ez dira gutxi: %19,8 kasutan orin on edo normalak melanoma okertzat hartzen ditu.
  • Pertsona zurien azalarekin funtzionatzen du, ez besteekin.

Civio fundazioa datuen publikotasuna eta informazio irekia defenditzen duen erakunde bat da, kazetaritza digital arduratsu baten alde. Kasu honetan, artikulu ondo dokumentatua argitaratu dute.Transmural Biotech enpresakoen hitzak ere jaso dituzte artikulurako, eta haiek diote osagile eta profesionalek gaizki egiten dutelako testa izan daitekeela errore kopurua. Noski, noski, ez da AA izango erroreak egiten dituena.

Erantzun

Sartu