Teknologia albisteak
1

Euskaltzaindia, nora hoa?

Erabiltzailearen aurpegia
2013-12-14 : 13:05
Orain hamar egun jendartera zabaldu den Euskaltzaindiaren inguruko krisiak erro sakonak ditu. Plazaratu dena baino askoz ere kontu ilun eta oker gehiago daude, luzarotik datozenak eta berandu baino lehen konponketa behar dutenak. Nik neuk, Onomastika Batzordearen inguruko lanak ezagutzen ditut hobekien, eta zirkulu unibertsitario itxietan kritika gogorrak zabaltzen hasiak badira ere, ordua da publiko zabalak ere ezagutu ditzan.

Abenduaren hiruan hautsak harrotu zituen berria agertu zen prentsan: “Euskaltzaindiko Gramatika Batzordekoek dimisioa eman dute”. Hurrengo egunean, Hiztegi Batuko Batzordeko buruak, Ibon Sarasolak, ber gauza egin zuen lehendabizikoei elkartasuna adieraziz eta lan egiteko girorik ez zegoela esanez. Aitzitik, Euskaltzaindiaren barruko aspaldiko ezinegonak lehertuta garai ilunak datozen honetan, inoizkorik normaltasun handiena erakutsi beharko balute bezala, lanean jarraitu dute Onomastika Batzordekoek. Ez nolanahi, gainera. Hurrengo egunean bertan, abenduaren bostean, beste berri hau atera zuen Plazaberri barruko boletinak: “Euskaltzaindiak "Leioako leku-izenak" liburua webgunean jarri du”. 

Kontua da, liburu hori ez dela edozein liburu, zarama beste apalategi hoberik merezi ez duena baizik, leioaztar, ikerlari eta euskaltzale ororen lotsagarri. Liburuak kritika gogorrak jaso zituelarik, liburua bera eta liburua txertatuta zegoen bilduma argitalpenen katalogotik erretiratua zuten. Ikamikak ere sortuak omen ziren liburuaren kontura aipatu Batzordearen barruan bertan ere. Liburua ez da txarra eskrupulurik eta etikarik gabeko egile lardats batzuek egin dutelako, lagunkeria eta gomendiokeria bultzatu eta onartu duen Erakundearen errua da bete-betean. Ez da, gainera, Batzorde horren ekimenez argitaratu den gezurrez betetako liburu iruzurti bakarra, aurrekoa burutu zuten egile berberen Gernikako toponimia ere hortxe dago, besteak beste, nazien bonbardaketak dokumentazioa desagertatzi zuelako aitzakia merkearekin hogeitabat (21) toponimo besterik ez duena artxiboetatik jaso, holako lanetan ohikoak diren milaka izenen lekuan.

Hasiera batean, Bizkai aldean bereziki ziharduen honelako lanak burutzen Mikel Gorrotxategik zuzendutako taldeak. Araban ere sartuak ziren barrabaskeriak egiten Felix Mugurutzaren eskuaz baliaturik eta gutxika-gutxika Gipuzkoa aldean hasita zeuden eskupea zabaltzen. Orain, “Zerbitzu” gisa berrantolaturik eta aipatu Gorrotxategi jauna zuzendari dutela, Iparraldera ere egin berri dute jauzi, monopolioa zabaltzeko estrategia martxan jarrita. Aste honetan bertan administrazioari zuzendutako formakuntza (adoktrinatze) ikastaroa emana dute, bertan Euskaltzaindia toponimia ikerketak egiteko eskumena duen, gai den eta prestaturrik dagoen erakunde bakartzat aurkeztuz eta handik aurrera herri-erakundeen enkarguen zain geratuz. Aho asko elikatu behar dituen monstruoa sortu dute, entretenitzeko urdail eskertu anitz, eta aspalditik ari dira, etika alde batera utzita, lur errearen politika eginez kosta ahala kosta monopolio erabatekoa ezartzen. Hau ere bada Euskaltzaindia berria.

Andres Urrutia buru duen egungo zuzendaritzak erakundea kudeatzeko erari egotzi zaio errua. Egia da gutxika-gutxika intelligentsia bizkaitarrak, Bilbaoko apezpiku­tzarena den Labayru erakundean habia duenak, gehiengo absolutua bereganatu duela eta itxurakeriaren politika daramala aurrera. Onomastika Batzordearen lan oker ezin aitortuzkoa, alabaina, lehenagotik dator, muga guztiak zuzendaritza honen pean hautsi baditu ere. Kudeaketa eredu merkantilista honetan langintza eroapentsua ez da bultzatzen eta saritzen dena, ezpada errentagarritasun berehalakoa. Imajinatu ere ezin daitezkeen bateko eta besteko erakunde guztiekin hitzarmenak sinatu eta sinatu dabil Euskaltzaindia, gizarte zibilean monopolio akademiko itogarria inposatuz, “El Correo” egunkariarekin azkena. Etikak eta lanaren kalitatatearekiko ardurak lan zabarren bidez tarrapataka bildu diru goseari eta loditu kurrikuluei utzi die bidea.

Icebergaren punta baino ez da egunotan prentsara atera dena. Sarasolak telebistan esan berri du kontu guzti hau ulertzeko arazoa dela gauza denak ezin direla kontatu, nik neuk ere ezin ditut bestelako okerkeria eta desmasia asko eta asko oraingoz haizeratu.

Konponketa ez bide da erraza izango, baina argi dagoena da eguneko zuzendaritzak eta kudeaketa sistemak ematekoa emana dutela. Tamalgarria litzateke afera hau ustel gainean itxiko balitz. Akademiaren norabideaz hausnartu eta garai berrietara, gardentasun eta prestutasun aldarrietara makurturik, berau errotik aldatzeko beharrik ikusten badute, birmoldatu, birsortu, mehetu dezatela, gizarte zibilizean egun hainbat erakunde baitago Euskaltzaindiak orain artean txartoago edo hobeto burutu dituen lanak aurrera daramatzana. Idazle, esatari, hiztun… ereduzkoak ere baditugu aski. Euskararen araugintza da erakunde publikoek Euskaltzaindiari luzatzen dioten zeregina. Onomastikari dagokionez, Moreu-Rey onomasta katalan handia zenak, Kataluniako ereduaren berri eman ziezagun Euskaltzaindiak behin baino gehiagotan gure artera ekarriak, onomastika ez zela arautu behar, are gehiago, ezin zitekeela arautu esaten zuen aho betean. Nolanahi ere, edozein bide izango da egokiagoa orain aurrera daramaten bide aberrantea baino. Erakunde honek, orain den denean, ez gaitu ez ni ez beste euskaldun asko ordezkatzen.

Ander Ros, toponomasta.

Erantzunak

2013-12-16 : 18:28

Hasi berria naiz, nahi gabe gainera, Twitter mundutxu honetan, ez dakit zuzen ari naizen. Barka nagizue, bada, erantzunik gabe geratu zaretenok edo erantzuna behar lekuan ez badut jarri.

Aiaraldetik tweet bat bota dute makilkadaren bat haiei ere tokatu zaiela esanez. Besteak beste, Amurriko maparen istorio eta historia lotsagarria aipa litekeela erantzun dut. Orain hori zehazteko iradokitzen didate. Ez nuen detailetan sartzeko asmorik, baina ez dago ezer ezkutatzeko ere.

Buruz ari naiz. Gutuna aurkitu beharko nuke, Aiara aldeko lagunei deitu edo memoria pixka bat estutu. Kontuak, detaileren bat gorabehera, honela gertatu ziren. Amurrioko udalak mapa bat atera zuen, alkatea Pablo Isasi zela. Euskaltzaindiako Onomastika Batzordetik, beste batzuetan egin bezala, gutuna luzatu zioten: lotsagarria zen mapa Euskaltzaindiarekin hitz egin gabe atera izana. Euskararen aurkako “kontraforu” laidogarri eta barkaezina eta ez dakit zer perla gehiago egozten zioten alkateari. Gutunaren tonua metxahugarria zen, iraingarria, eta azkenean mapa berriro atera zezatela exigitzen zioten alkateari. Alkatea ez zen presio horietara makurtu. EAk azken udal hauteskundeak galdu zituelarik, ordea, aukera baliatu zuten Onomastika Batzordekoek. 20.000€ jarri zuen mahai gainean korporazio berriak mapa ditxosozkoa berregiteko, Aztarna aldizkariak dirulaguntzarik gabe desagertzeko zorian zuten bitartean.

Ez dakit zein alkate zegoen orduan funtziotan, ez bainago seguru EAJ-PNVko alkatesa hautetsi berria, Josune Irabien, amatasun baja hartuta ausente zegoen. Gutunaren sinatzailea, oraingoan, beste batzuetan bezala, Mikel Gorrotxategi. Ez dakit mapa honekin gertatu den edo eskualdeko besteren batekin, etxean paperak begiratuta zehaztu beharko nuke, baina Felix Mugurutza haserre bizian zegoen, oraingoan bere enpresari barik, herriko beste bati eman ziotelako mapa egiteko enkargua. Pastel osoa ondo banatuta beti, papurrik galdu gabe. Handik gutxira, Euskaltzain urgazle izendatu zuten Mugurutza.

Erantzun

Sartu