Teknologia albisteak

Bizitza osorako kirola eta bizimodu aktiboa, teknologien laguntzaz

Erabiltzailearen aurpegia
2014-01-12 : 12:21
Datorren asteartean, urtarrilak 14, Donostiako Kirol Etxean, bizitza-estilo aktiboaz ideiak trukatzeko tailerra antolatu dugu Ikaskidetza Sarean. Tailerra Aritz Olagoi kirol psikologoak dinamizatuko du eta doakoa da, soilik izena eman behar da.

Besteak beste, eguneroko bizitza osasuntsuagoa izaten laguntzeko ideiak, mugimenduak, trikimailuak eta tresna teknologikoak aztertuko ditugu (telefono eta tableta aplikazioak, bideojokoak eta antzerakoak). Animatzen gurekin ikastera?

ZER DA ESTILO AKTIBOA ETA NOLA SUSTATU?

Tailer hau bizitza estilo aktiboa duten edo euren bizitza aktiboago bihurtu nahi luketen guztioi zabaldurik dago, beste pertsona batzuekin bizimodu aktiboen inguruko esperientziak eta ideiak trukatu nahi dituzten pertsonentzat edota kirol praktika eguneroko bizitzan integratu nahi dutenentzat.

Helburua da bizi-estilo aktiboa izatearen ondorioak ezagutzea eta esperientzia hurbilak partekatzea, geure praktikari begirako ideia berriak jasotzeko. Horrez gain, tresna teknologikoen ekarpena aztertu nahi dugu, tresna hauen balioa, arriskuak edo mugak ote dituzten.

Tailerra praktikoa izango denez, tableten bat edo antzerako tresna berezirik baduzu, ekarri eta probak egingo ditugu!

IKASKIDETZA SAREAZ

Ikaskidetza Sarea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ikasmina programaren dirulaguntza jaso duen ikaskuntza informala sustatzeko proiektua da. Bertan, hainbat tailer eta ekitaldi antolatzen ditugu elkarren arteko ikaskuntza sustatzeari begira.

Askotariko proposamenak ditugu: bideojokoen sorkuntza, mobiletarako aplikazioen garapena, zinema eta hezkuntza lotzeko elkarlan proiektuak, robotika, geolokalizazioa... #KulturaZientifikoa mugimenduan ere parte hartzen dugu, bereziki ikasleak parte hartzera animatzeko ekimenen bitartez.

Ekimen guztiak doakoak dira eta ikaskuntza informalari buruzko ikerketa baten parte da, Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatua.

Tailer honekin, kirolari lotutako euskarazko lan-lerro bat zabaldu nahi dugu, Aritz Olagoi kirol psikologoaren laguntzaz. Kirol psikologiak eta kirol praktika profesionalek gure eguneroko bizitzan egin dezaketen ekarpenak aztertu nahi ditugu modu praktikoan.

Ikaskidetza Sarearen berrietara harpidetzeko: http://www.ikaskidetza.org/newsletter/
Ikaskidetza Twitterren: @ikaskidetza edo #ikaskide1314 etiketa

Erantzun

Sartu