Teknologia albisteak

Zer Justizia Euskararentzat?

Erabiltzailearen aurpegia
2016-03-18 : 09:46

Euskaldunontzat gauza jakina da Justizia Administrazioak, oro har, gure hizkuntza eskubideekiko erakusten duen ardura falta. Hizkuntza Gutxituen Europako Itunaren jarraipen taldeak ere arlo horretan atzeman ditu euskara erabiltzeko oztoporik larrienak duela hilabete eskas kaleratu duen txostenean. Egia da aipatu taldea Espainiako Gobernuaren jardunarekiko espresuki ageri zela kexu. Hala eta guztiz ere, ezin dugu esan EAEko Justizia Sailetik jasotzen dugun tratua txalogarria denik. Horren adibide, Arrasateko Euskalgintzatik zein Udaletik azkeneko bi urteotan egin dizkiogun eskaeren aurrean erakutsi dituen axolagabekeria eta errespetu eza.  

Arrasaten urteak daramatzagu bertako Bake Epaitegian euskaldunon hizkuntza eskubideak urratzen direla salatzen eta egoera aldatzeko neurriak eskatzen. Alfer-alferrik jardun dugu, ordea, batez ere zerbitzuko arduradun nagusiak ziren langileek ez dutelako borondaterik izan euskaraz trebatzeko eta lan egiteko.

Duela urte eta erdi, oztopo gehien jartzen zituen langilea lantokiz aldatzera zihoala jakinik, gutun bat igorri genion EAEko Herri Administrazio eta Justiziako Sailburuari honako eskaera eginez, hitzez hitz: Bere eskumen eta bitarteko guztiak balia zitzala EAEko Justizia Administrazioak langile euskaldun bat hautatu zezan Arrasateko Bake-epaitegian hutsik geratuko zen idazkari kargua betetzeko.

Eskaera hura Arrasateko Euskalgintza osotzen dugun hamabi erakundeek sinatu genuen eta Udalak ere eskaera bera igorri zion, bere aldetik. Ez genuen, ordea, erantzunik jaso, ez batzuek, ez besteak, eta euskara ulertzeko gai ere ez den langile batekin bete zuten lanpostua.

Iazko maiatzean, berriz, Espainiako Justizia Ministerioak Errolda Zibilari lotutako zerbitzuak berrantolatzeko asmoa iragarri eta gero, galdera batekin zuzendu gintzaizkion Sailburuari. Jakin nahi genuen ea zein esku-hartze izan zezakeen Eusko Jaurlaritzak Espainiatik zetozen asmoak gauzatuz gero ordu arte tokian tokiko Bake Epaitegiek ematen zituzten zerbitzuak euskaraz jasotzeko eskubidea bermatua gera zedin. Uztailean, erantzunik ez genuela ikusirik, Justizia Zuzendariarengana jotzea erabaki genuen, bere kargua aintzat hartuta, Sailburuak baino aukera gehiago izan zezakeelakoan gure eskaerari kasu egiteko.Tira, bada, bete dira honezkero Administrazioak herritarren eskaerei erantzuteko ei dituen legezko sei hilabeteak eta zain jarraitzen dugu.

Badakigu eskuartean daukagun gaia ez dela Justiziak erantzun beharreko larriena. Hobe hala balitz! Baina, hala eta guztiz ere, kargu publikoak herriaren zerbitzura daudela uste dugu eta horrelako erantzun ezek gutxiespena besterik ez dutela erakusten. Honenbestez, gertatutakoa publiko egitea erabaki dugu. Kaleratzea merezi duela uste dugulako eta Justizia Administrazioak, beharbada, hedabideen bitartez jasotakoei erantzuteko jarrera har dezakeelako, zuzenean igorritakoekin ez bezala. 

Erantzun

Sartu