Teknologia albisteak

Euskadiko liburutegi zerbitzuak: profesionalen kezkak

Erabiltzailearen aurpegia
2014-03-26 : 14:42

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak berriki argitaratutako “XXI menderako liburutegi-zerbitzuak: herritar, erabiltzaile eta adituen iritzia EAEko liburutegi publikoetako zerbitzuen orainaren eta etorkizunaren inguruan” txostena dela eta (PDF formatuan laburpena, irudia txostenetik hartua) ALDEEko Zuzendaritza Batzordeak eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiko kideek txosten horren ondorioen harira, gure ardura azaldu nahi dugu Euskadiko liburutegi zerbitzuen eta herritarrek egiten duten horien erabileraren gainean. 

Txostenean jasotzen diren datuetatik ondorioztatu daiteke gaur egun gure erkidegoan dauden liburutegi zerbitzuak ez datozela bat XXI. mendeko herritarren beharrizanekin.

Gure ustez, txostenak jasotzen dituen datuek herritarrentzako zerbitzu gabezia nabarmenak azaleraztearen arrazoia, batez ere, 11/2007 Legea, urriaren 26koa, Euskadiko liburutegiei buruzkoa garatu eta aplikatu ez izana da. Liburutegi Nazional baten faltak, sarea egituratzeko erakunde ezak, politika bateratu eta adostu ezak, erkidegoko liburutegi orok osatutako elkarlanerako sare baten faltak, eta, orohar, ekonomikoki jasangarri den zentzuzko eskaintza ezak, gure liburutegiak gune isolatu eta ahuldu bihurtu ditu, etorkizunerako aukera gutxirekin.

Bestalde, gure iritziz, liburutegiak ezinbesteko elementu dira herritar arduratsuen garapenerako eta, baita ere, ezagutzaren gizartea eraikitzeko.

Liburutegien esparruko profesional gisa, inguruarekin konprometituta gaudelarik, egoera hau azpimarratu nahi dugu eta gure ardura azaldu. Euskadiko liburutegiei buruzko Legea zein Liburutegi Nazionala garatuko duten Zerbitzu baten beharra mahaigaineratu nahi dugu: bai bata zein bai bestearentzat XXI. mendeari eta gure erkidegoari dagokien eredu egokienak bilatze bidean.

Gainera, erakundeen esanetara jartzen gara Euskadiko liburutegiei buruzko Legearen garapen eta ezarpen lanean hasteko. Iruditzen zaigu Legearen ezarpenak gizarte justu eta orekatuago baten garapenerako lagungarri izango dela, herritarrei aurrerapenerako aukera gehiago eskainiko baitizkie.

Gaur egun, euskal kulturaren sareko azpiegituren desagertzea normaltasun osoz ikusten den honetan, KREAren kasua aipatzea besterik ez dago, Euskadiko kulturaren oinarriari eustea ezinbesteko helburu izan beharko litzateke erakunde publikoentzako, hainbat gizarte-mugimendu edo guk ordezkatzen ditugun profesionalen mugimenduarentzat den moduan.

Euskadiko Sistema Bibliotekarioaren eta Liburutegi Nazionalaren garapenak merezi dute erakundeen zein Euskadiko herritarren aldetik ahalegin berezi bat.

Ezin dugu ahaztu barnean zein kanpoan gure herriak izan dezakeen irudiari begira, Euskadiko Liburutegia kultura erakunde oinarrizko bat izango litzatekeela: Euskal Herriaren memoria izateaz gain, nazioarte mailan euskal kulturaren sinbolo izango litzateke, Euskadi munduan ordezkatuko lukeen erakundeetako bat, hain zuzen.

ALDEEko Zuzendaritza Batzordea
JOANA ALBRET Bibliotekonomia Mintegia

(Idatzi hau Eusko Legiltzarreko talde politikoei, Vital Kutxako lehendakariari, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburuordeari eta Gasteizko alkateari bidali zaie aurretik)

Erantzun

Sartu