Sustatuk 2025 hasieran utzi zuen X/Twitter, baina tartean itzultzen gara bertatik informatzeko edo gauzak arakatzeko. Atzo, albiste honetarako edukia arakatzen gauza batez konturatu ginen: eduki batzuk, ingelesez eta frantsesez bereziki, automatikoki euskarara itzulita agertzen dizkigu Twitterrek. Web ingurunean eta kontua baduzu, berau euskaraz konfiguratuta baduzu gertatzen da hori; aplikazio mugikorrarekin ez da posible, ez baitu euskarazko bertsiorik, baina kasu honetan ere munduko hizkuntzetako edukia (dela hungarieraz, arabieraz, ingelesez, indonesieraz...) agertzen zaigu gure erdaretara itzulita, gaztelaniara edo frantsesera.
Irudian adibide bat, ingelesezko mezu bat Viktor Orban Hungariako lehen ministroarena. Itzulpen automatikoa nahiko eskasa da, deklinabide aldetik akatsak ageriko samarrak dira, eta oro har itzultzaile neuronalek euskaraz ematen duten mailatik urrun dago. Beharbada mezuen laburtasunak du zerikusia horretan, baina egin ditugun probetan gaztelaniaz askoz hobea dela ikusi dugu.
Kalitate eskasaren arrazoietako bat izan daiteke itzultzaile neuronal barik, Grok AA sistema ari dela itzulpenak egiten. Erlazionatuko teknologiak dira, baina ez dira gauza bera AA eta itzulpengintza automatikoa. Nolanahi ere, uste dugu hizkuntza arrotzagoetatik euskarara ekarrita edukia, ideia bat jaso daitekeela zertaz ari den txiolaria.
Joan den astekoa da albistea, eta X/Twitterreko ingeniari batek iragarri zuen, hemen. Hona mezu horren euskarazko bista partziala:

Erdarazko txioekin, irudi horretan erakusten diren bi ikono horiei erreparatu: Grok-en ikonoa izenaren azpian, eta ezarpenen gurpila eskumatara. Horietan klikatuz alda daitezke ezarpenak eta itzulpenak erakutsi edo ezkutatu, baina ezarpenen atalean gauza nola antolatu ez dago argi: zure interfaze euskaraz (web ingurunean, ez mugikorrean) hor aukeratu dezakezu, baina zein hizkuntatatik aktibatu edo desaktibatu hizkuntzak ez dago argi. Hori bai, banan banan ikusiz gero txio bat, edozein itzul dezakezu euskarara, bai gaztelaniaz badago, zein errumanieraz edo dena delako hizkuntzan.
Erantzun
Sartu