Joan den asteko euskararen kontrako Espainiako Gorenaren erabakiaren ondoren, Euskalgintzaren Kontseiluak agerraldia egin du gaur Bilbon, adierazpen publiko baten berri emateko. UEMAk 'Euskararekin bat' lelopean egindako kontzentrazioen ondoren, oldarraldi judizialaren kontrako beste agerpen bat, zeinean euskararen eta euskal erakundeen autogobernuaren aldeko erantzun bateratua eman duten 200dik gora alkatek eta udal hautetsik (alderdi eta sentsibilitate desberdinetakoak, Bilbon izanik bertako alkatea egon da lehen lerroan adibidez), EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean egindako agerraldian.
Hona Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak irakurritako manifestua.
Egoera larria da. Euskara hizkuntza gutxitua da, mendeetako debeku eta jazarpen politiken ondorioz minorizatua. Euskalgintzatik, Europako Hizkuntzen Berdintasunerako Sarearekin batera, adierazi genuen euskara larrialdi egoeran dagoela eta azken ikerketek ere agerian utzi dute geldialdi eta atzeraldi baten arriskua. Bestalde, euskal erakundeak eta eragile politikoak ahalegin berezia egiten ari dira azken hilabeteotan, euskarak ofizialki lekua izan dezan Europar erakundeetan.
Hain zuzen, euskara minorizaziotik ateratzeko ekintza positiboak premiazkoen direnean biderkatu dira neurri hauen aurkako sententziak, euskararen normalizazioarekin bateragarriak ez direnak. Dela Lan Eskaintza Publikoak baliogabetuz, dela Eusko Legebiltzarrak adostasun zabalez onarturiko legeen aurka eginez, dagoeneko 30 inguru dira euskal erakundeen hizkuntza politika egiteko eskumena higatzen duten sententziak.
Guzti honen aurrean, batasunetik erantzun beharra dago. Neurririk hartu ezean, oztopoak ugarituko dira euskaraz bizi nahi dugunontzat. Hizkuntza eskubideak bizitzako alor guztietan gauza daitezkeenean soilik bihurtzen direlako egiazko eskubide, ezin gara erasoei aurre egitera mugatu, aurrera egiteko garaia da. Segurtasun juridikoa indartu behar dugu eta beharrezko lege-aldaketarekin batera, euskal gizartearen jokaera proaktiboa sustatu behar dugu ahalik eta adostasun handiena eta zabalenarekin herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta euskararen erabilera normalizatzeko.
Euskara behar dugu eta euskarak behar gaitu. Euskara baita gure hizkuntza, euskaldun egiten gaituena. Horregatik, euskalgintzak eta udal ordezkariok bat eginik, euskararen erabilerak dagokion lekua behar duela berresten dugu, eta horretarako beharrezkoak diren neurriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu gaurkoan. Bada garaia harago joateko, hizkuntza politiketan jauzi bat emateko. Pizkunde berri baten aroari bide emateko.
Bilbon, 2025eko uztailaren 24an.
Erantzun
Sartu