Lore Martinez Axpe EH Bilduko legebiltzarkideak galderak zuzendu dizkio Eusko Legebiltzarrean Jaurlaritzari, ea nola homologatu diren EAEko ikastetxeetarako MS Windows eta ChromeOS sistema eragileak, eta ez ordea Linux edo bestelakorik. Bi galdera dira, funts berarekin, ea nola homologatu diren bi horiek, eta homologazio prozeduraz bestea. Legebiltzarrean sartutako galderak Mastodonen argitaratu ditu Martinez Axpek, bertan aktibo dabilen politikari euskaldun bakanetako bat.
Joan den asteko Legebiltzarreko eztabaida baten ondotik datoz galdera biak. EAEko Hezkuntza Sailak ikasleei helarazten dizkien ordenagailuek Microsoft Windows eta Google Chrome OS sistema eragile jabedunak izaten dituzte, eta administrazioak horiei soilik ematen die mantenu teknikoa. Software libreko sistema eragileak erabiltzea ez dago galarazita, baina IKT arduradunek beren gain hartu behar izaten dute gailuetan instalatzeko, konfiguratzeko eta mantentzeko lana. Hala egiten dute, adibidez, Donostiako ikastetxe publiko batean Luberri Linux-ekin (artikulu hau ilustratzen duen irudia sistema horrena da).
Sistema hauetarako laguntza Jaurlaritzak eskaintzeko eskatu zuen bilkuran Martinez Axpek, baina proposamenak ez zuen aurrera egin.
Hodeia ez da existitzen webgunearen arabera, PSE-EE-ko Estíbaliz Canto Llorentek defenditu zuen bilkuran software libreak onura asko dituen arren, erabilera orokortua eragozten duten bi oztopo dituela: segurtasuna eta mantenua. Mantenurik eskaini nahi ez izatea izan daiteke mantenu arazoa, beharbada.
EAJ-ko Aitor Urrutia Oiangurenek ere software librearen eta pribatiboaren osagarritasuna defendatu zuen, eta ez duela egoki ikusten “homologatu eta ez homologatua berdindu nahi izatea”, sistema eragile pribatibo eta libreei erreferentzia eginez. Erantzun horretatik, beraz, homologazioari buruzko galderak.
Bestalde, bilkura berean Martinez Axpek gogoratu zuen Datuen Babeserako Euskal Agintaritzak (DBEA) espedientea ireki ziola Jaurlaritzari, Google Workspace for Education plataforma erabiltzeko sinatutako hitzarmenean ikasleen datu-babesa urratzeagatik, Sustatun udan jaso genuen albistea. Orduan genioen DBEAren albistegia izoztua zegoela espedientearen albistea baino lehenago: berriz aktibatu da albistegia, baina espedientearen berri ez dago bertan oraindik ere, albiste berriagoak bai ordea.
Erantzun
Sartu