Teknologia albisteak

Durov atxilotu ostean, zer egin Telegramekin? Euskaldunok, komunitarioki erabili

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-09-03 : 11:15

Abuztuko albisteetako bat izan da Pavel Durov errusiarra, Telegrameko sortzaile eta burua, atxilotu zutela Parisen, hegazkin pribatuarekin aireportuan eskala egin ondoren. Telegram erabiltzaileontzat, ze ondorio? Telegramen datu eta pribazitate politikaz zalantzak egon daitezke, eta baliteke gobernu batzuek sarbidea izatea atzeko atetik Durov-en azpiegiturara... baina erabilpen arrunterako, balio diezazukela oraindik, horixe Sustaturen iritzia. Eta gainera, euskarazko komunitate sorta batek modu praktiko erabilgarrian darabil Telegram, eta horietako batzuen bilduma egin du Eneko Oroz adituak, eta hona dakarkizuegu gaur, Arga ibaia Oltza Zendearik igarotzen dela aprobetxatuz.

Duroven atxiloketaren eta ondoren egin zaion auzipetzearen nondik norakoa zehaztapen osoz ez da ezagutzen, baina badirudi Frantziak irismena nahi duela Telegramen zerbitzarietara erabiltzaileen identitate eta mezu pribatuak lortu ahal izateko. Diotenez, Errusiako estatuak badu atzeko atetik hori lortzeko bidea; eta posible da beste batzuek ere izatea, enkriptazio sistema propioa baitarabil Telegramek, etxearen kontrol zentral nagusitik irakur pribatutasunik gabe utz daitekeena.

Susmo horien aurrean, erabiltaile euskaldunok zer egin? Tira, pribatizate osoak kezkatzen bazaizu, Signal erabili mezularita plataforma gisa. Alderdi praktikotik, ordea, ohiko komunikaziorako, ez baduzu sekretu larriegirik, Telegram erabiltzen jarraitu dezakezu, Interneteko beste edozein tresna bezalatsu, prudentziaz eta jakitun. Alde horretatik, eskertzekoa da Eneko Orozen artikulu hau bere blogean, zeinean Telegram komunitate gisa erabiltzen duten euskarazko zenbait baliabideren zerrenda osatu duen.

Orozen zerrendatik, selekzio bat:

  • Manganime komunitatean manga eta animeez hitz egiten da, euskaraz ateratzen denaz informatu edo hizkuntzalaritza/bikoizketa bitxikeriak partekatzen dituzte: https://t.me/euskal_manganime

  • Bideojokozaleentzako Gamerauntsia dago. Talde jendetsua bideojokoen inguruko berriak komentatu edo gustatu zaizkien jokoez hitz egiteko. Honetaz gain euskarara itzulitako bideojokoen berriak ere izango dituzue: https://t.me/gamerauntsia.

  • Rolariak: Azken urteotan rol jokoen munduak gorakada nabarmena eman du euskaldunon munduan, eta hor dute topagune bat: https://t.me/rolariak

  • Zinema gomendioak, zine eta telesailzale euskaldunen komunitatea: https://t.me/+TUaLayUYx8MohlRx
  • Software libreak komunitate zabala du euskal herrian, eta komunitate horren isla da librezale taldea https://t.me/librezale
  • Hezkuntza komunitatea eta teknologia (software librea) gaiak uztartzen Hezkuntzan librezale dago https://t.me/hezkuntzanlibre
  • Software librearen inguruko zalantzak argitzeko, hauxe gomendagarria https://t.me/SoftwareLibreZalantzak

Eneko Orozenean beste batzuk ere gomendatzen dira. Sustaturi dagokionez, komunitaterik ez dugu oraingoz, norabide bakarreko informazio kanala bai ordea, honakoa. (irudia gure kanaleko web bistakoa)

Erantzun

Sartu