Astelehenean kontatu genuen nola RIAA musika-industriaren patronalak salatu dituen Suno eta Udio sarean aurkitu duten musika guztia kopiatzeagatik, horrekin bere adimen artifizialeko (AA) musika sorkuntzako tresnak garatu eta trebatzeko. Eta Sunok eta Udiok onartu, horixe baita metodoa AA elikatzekoa. Eta, hara, albiste parea astean aurkitu ditugunak erakusten dutenak beste eragile erraldoi batzuek ere horixe egiten dutela: Nvidia txip-gileak ikus-entzunezko edukiak kopiatzen ibili omen da; eta Microsofteko AA garapeneko buruak dio Interneten aurki daitekeen GUZTIA erabil daitekeela libreki AA elikatzeko. BitTorrent-etik pelikula bat jaisten duzunean inork ezer leporatzen badizu kontuan hartzeko.
Nvidia da txip egile bat, eta bere produktu aurreratuen eta garestienak dira, indar eta gaitasunagatik, AA garapen masiboetan erabiltzen ari direnak. Horrekin salmentak izugarri hazi zaizkie, baina AAren negozioa ikusita, badirudi pentsatu dutela jokalari bihurtzea alor horretan, ez bakarrik azpiegitura eskaintzen, baizik eta AA proiektu espizifikoak egiten. Eta horretarako, materiala behar.
Albisteen arabera, Youtube eta Netflix-eko edukia masiboki kopiatu du Nvidiak, AA propioa trebatzeko. Eta gainera, hori egiteko, Nvidiako langileen kontu pertsonalak erabili omen dituzte. Hau da, Urlia langilearen Netflix-eko kontua baliatu, bertatik edukia atera eta enpresan erabiltzeko. Nvidiak gutxi gora-behera onartu du hori egiten ari dela, baina aitzakia jarri dute, copyright-ik ez dutela bortxatu: ez dira ari "adierazpen zehatzak" kopiatzen, egiten ari direna da, "faktuak, ideiak, datuak eta informazioa ikasten, pertsona batek egingo lukeen bezala, gero pertsona horrek bere adierazpen propioak sortzeko erabil ditzakeen bezala". Eta hori, "faktuak, ideiak, datuak, eta informazioa" ez omen ditu copyright legeak babesten.
Mustafa Suleyman da Micrsoft-eko AA adarraren burua, eta esan zuen duela bost aste, Web-eko eduki guztia 'freeware' edo doako softwarea bezalakoa dela, hartu eta erabiltzekoa, eta hauxe dela 1990eko hamarkadatik indarrean dagoen konbentzioa. Salbuespena lirateke, kopiarik espreski egin nahi ez duten webguneak, eta hori adierazi beharko lukete robots.txt sistemaren bidez.
Irudia: Nvidiako nagusia, Jensen Huang, AA-ren marabillak saltzen aurkezpen batean.
Erantzun
Sartu