Teknologia albisteak

Suno eta Udio salaketapean copyright-a duen musika baliatzeagatik, eta baietz diote, horixe egiten diotela

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-08-05 : 09:40

Suno eta Udio auzitara eraman ditu AEBetako RIAA musika-argitaletxeen patronal handiak, eta larri dabiltza, funtsean salaketa onartzea beste erremediorik ez zaielako geratu. Sarean dagoen edozein musika puskarekin elikatu dituztela euren adimen artifizial sortzaileko sistemak, horrekin musika egiteko. "Fair use" edo erabilera baimendua deritzote horri, hori bai, copyright-arentzako salbuespena dela. Euskarazko musika sortzeko ere balio dutela Sunok eta Udiok demostratu dizugu Sustatun azken hilabeteetan.

RIAA musika-etxeen patronala da 21. mende honen hasieran Napster eta musika partekatzeko sistema guztiak porrotera eraman zituena. Musika doan entzuteko sistemek, funtsean Youtube 2024. urtean, irabazien partekatzearen bidez egiten dute, RIAA eta musika-eskubideen beste kudeatzaileekin adostuta. Eta ordainpekoek, Spotify bezalako streaming zerbitzuak, berdintsu.

Orain, panorama horretan adimen artifizialaren bidez musika sortzen hasi direnen kontra ekin dute. 2024 honetan Suno eta Udio bezalako tresnek erakutsi duten gaitasun ikaragarriaren kontra. Ze argi samar geratu da, denek dakigun bezala, RIAAk salatu duen bezala, eta AA enpresek onartu duten bezala, nola lortu duten gaitasun hori: Sarean aurkitu izan duten input musikal oro erabili dutela AA trebatzeko eta hortik gero musika sorkuntzako tresnak jendeari eskaintzeko (jendeari, guk dakigula, bezero korporatiboak ere izango dituzte eta).

Billboard agerkarian irakur dezakegu azalpen bat. Defentsa gisa esaten dute AA-gileek input horien erabilera "fair use" edo erabilpen egokia dela, eta Sunok argudio gehiago ematen ditu: RIAAk jazartzen duena ez dela inork input horiek berrerabiltzeak, Sunok sortzen duen output edo emaitza berriak ebitatzea baizik. Halaber, output horiek sortzen direlarik "estilo" jakin batzuen arabera, hala nola heavy metal, opera edo "ereserkiak" (Sustatun proposatu genuen bezala), estilo horiek ez direla "inoren jabetza". 

RIAAk ez du arrain hori erosi nahi: "Maila industrialeko lege-hauste hau ez da inondik inora 'erabilpen egokia'. Ez da inondik egokia artista baten bizitzako lana hartu, haren muineko balioa atera, eta berriz paketatzea hori originalarekin lehia egiteko".

 

Erantzun

Sartu