Teknologia albisteak

Aldatu Gidoia: mobilizazio deia larunbaterako

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2024-05-14 : 08:52

Maiatzaren 18an, Gasteizko Foruen Plazan 17;30etan, mobilizazioa egitera deitu du Aldatu Gidoia plataformak "Euskararen Alde" lelopean. Euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde, eta euskara eta euskarazko kultura ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebistaren aldeko elkarretaratzea egingo dute.

Duela egun batzuk agerraldi batean egin zuen publiko deia Aldatu Gidoiak. Han adierazi zenez,

"Euskaran eta Euskal Herrian ardaztutako Euskal Irrati-Telebista behar dugu, premiaz. Eta EITBz haragoko hizkuntza politikak, kultura-panoraman, zineman eta streaming plataforma nagusietan euskarazko eskaintza duina bermatuko dutenak. Asko dira kultura-politikei eta EITBri buruz gogoetan aritutakoak. Eginahala eginez, euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen alde ibilitakoak. Horiei guztiei eta gure hizkuntza eta kultura inporta zaion orori maiatzaren 18an kalera ateratzeko dei egiten diogu."

Agerraldi hartan gogoratu zuten deitzailee euskal irrati-telebista publikoa "euskara biziberritzeko eta euskal kultura sustatzeko" sortu zela, baina kezkaz ikusten dutela  urteak direla EITBk jaiotzako helburu horiek "baztertu" zituela. Aldatu Gidoiaren ustez, "marko espainiarra gailendu" da EITBn, eta horrek "galbidera" darama  komunitatea. EITBz harago ere, Aldatu Gidoiak salatzen duenez, Eusko Jaurlaritzaren kultura eta ikus-entzunezkoetako politikek ez dituzte "inondik ere herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen", zineman zein streaming plataformetan gaztelerazko eskaintza delako nagusi, eta euskarazkoak ia ez duelako tokirik.

Hainbat eragilek bat egin dute jada maiatzaren 18ko deialdiarekin. 

Kontesturako, 2023ko irailean Jaurlaritzari eta EITBri Aldatu Gidoiak planteatutako eskaera, euskarazko ikus-entzunezkoen alde politika aldaketa eskatzen, euskara erdigunean jar dadin eskatzen.

Bestalde, Jaurlaritza laster berregin egin beharko delarik, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak apirilean izan baitziren EAEn, aurkezten ziren alderdiei galdetegi bat zuzendu zien Aldatu Gidoiak.  EAJk eta PPk ez zuten erantzun, baina EH Bilduk, PSE-EEk, Podemosek eta Sumarrek bai. Errepasatu nahi baduzu, hemen zer erantzun zuten.

Erantzun

Sartu