Teknologia albisteak

Aldatu Gidoia: euskarazko ikus-entzunezkoen alde politika aldaketa eskatu diete Jaurlaritzari eta EITBri

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-09-09 : 17:53

Gaur eguerdian euskalgintzako hainbat eragile bildu dira Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren aurrean, Aldatu Gidoia izeneko kanpaina aurkezteko. "Eusko Jaurlaritzaren kultura eta ikus-entzunezkoen politikak aldatu eta euskara erdigunean jartzearen aldeko kanpaina" gisa aurkeztu dute, eta hainbat erreibindikazio planteatu dizkiote Jaurlaritzari eta EITBri.

Bilkura honen aurretik, agiri hau zabaldu dute deialdira begira.

Eusko Jaurlaritza, EiTB: Aldatu Gidoia euskararen alde!

Ukaezina da kulturak herri kohesiorako duen garrantzia. Eztabaidaezina fikzioak iruditeria kolektiboa sortzeko eta hizkuntza normalizatzeko duen garrantzia. Hala, kezkaz ikusten dugu Jaurlaritzak ez duelako euskarazko kulturaren eta euskarazko fikzioaren alde behar beste egiten. EITBn, zineman eta streaming plataformetan gaztelerazko fikzioa da nagusi, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari eskatzen diogu gidoia aldatzeko euskararen alde, kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik aldatzeko, euskara erdigunean ipiniz, eta euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza zabal, duin, eguneratua eta erakargarria urgentziaz osatzeko eta publikoari eskuragarri jartzeko, EITBren euskarri eta leihoetan, eta, EITBz harago, zinema eta streaming plataformetan. Horretarako eskatzen dugu:

1. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea, biztanleko 9 euro urtean.
Euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzea, Sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren bi herenez hornitua.
Zinema eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzea, Sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren heren batez hornitu.

2. EITBk urtean edukietara bideratutako diru-partidaren %75 euskarazko eduki eta programetara bideratzea. EITBren telebista-kateetan, helduentzako film eta telesailen emanaldien %50 gutxienez euskaraz eskaintzea, eta kuota hori progresiboki handitzea. Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea.

Bi urtetan, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea, bigarren urtean, egun bideratzen den aurrekontua hirukoiztera iritsiz.

Euskarazko bikoizketa EITBn, urtean 1.500 orduko produkzio-mailara itzultzea. Bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea, profesional eta kolektiboen eskubideak bermatuz. Bikoizketa arloko lan-harremanak erregulatuko dituen hitzarmen kolektiboaren alde lan egitea.

EITBk ikus-entzunezko lanak finantzatzeko darabilen diru-partidaren %75 euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzera bideratzea.

3. Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa/ azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala.

4. Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.

5. Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskarazko lanen sustapenerako propio sortutako webgune eta sare sozialetako kontuetan, eta, EiTBren albistegi eta bestelako programetan. Sailetik kudeatutako webgune hori euskaraz ekoitzitako, euskaraz bikoiztu/azpidatzitako edukien erreferentziazko datu-base publikoa bilakatzea. Euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea eta zaintzea.

6. EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea. Euskarazko kulturari eta sortzaileei EITBn eta zirkuituetan gutxieneko kuotak ezartzea. Euskarazko sortzaile eta interpreteen egoera prekarioari aurre egiteko politika eraginkorrak abian jartzea, duintasunez lan egiteko neurri ekonomiko-fiskal zehatzak ezarriz.

Sareko plataformetan dauden euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak abian jartzea. Sare sozial eta plataformetan euskarazko proiektuak sortzeko dirulaguntza publikoak bideratzea. Plataforma horietan euskara hizkuntza-aukera gisa bermatzeko eta euskara hizkuntzaren arabera edukiak iragazteko eta bilatzeko aukera izateko lan egitea.

7. Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea, bideojokoetan euskararen presentzia bermatzeko.

Euskarazko bideojokoen sortzaileei zein garatzaileei bideratutako berariazko dirulaguntzak abian jartzea, eta kanpoko ekoizleei produktuak euskaratzeko erraztasunak ematea.

Nintendo, PlayStation, Xbox eta sektoreko gainerako puntako enpresen bideojoko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatzeko eta bideojoko dendetan euskara etiketa berezituarekin aitortzeko lan egitea.

Norbanako eta gizarte eragile guztiei dei egiten diegu bat egiteko 2024ko maiatzaren 18an, larunbata, 17:30ean, Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzaren aurrealdean, euskarazko kulturaren eta ikus-entzunezkoen alde, eta, euskara eta euskarazko kultura oinarrizko eta ukaezinezko zutabe izango dituen Euskal Irrati-Telebista Publikoaren alde egingo den mobilizazioarekin.

****

Aldatu Gidoia kanpainarekin bat egin dutenen artean daude Kontseilua, UEMA, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Ikastolen Elkartea, EIZIE itzultzaileen elkartea, BIEUSE bikoiztaileen elkartea, Lanartea, Pantailak Eiskaraz ekimena, Game Erauntsia, Euskal Encodings eta beste zenbait.

Aldatu Gidoiak Telegram kanala ireki du halaber bere jardunaren berri emateko. Hemen: https://t.me/aldatugidoia 

 

Erantzun

Sartu