Aldatu Gidoiak ekimenak galdetegia luzatu die euskal alderdiei Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla eta. Ez dirudi Vox-i galdetu dietenik, eta gainerakoen artean, PPk eta EAJk ez dute erantzun, baina bai PSE-EEk, EH Bilduk, Podemosek eta Sumarrek. Jarraian egin dituzten galderak eta jaso dituzten erantzunak.
Hona galde-erantzunak, Aldatu Gidoiak Twitterren argitaratu bezala:
A1. Euskaraz ekoitzitako film eta telesailak finantzatzeko diru- laguntza lerro propioa sortzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5aren bi herenez hornitua. (Adostasuna 10eko eskalan, Bilduk eta Podemosek 10/10, Sumarrek 9/10, eta PSEk 5/10)
A2. Zinema eta plataformetarako film eta telesailak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5aren heren batez hornitua. (Adostasuna 10eko eskalan, Bilduk eta Podemosek 10/10, Sumarrek 5/10, eta PSEk 9/10)
B1. EITBk Euskal Herri osorako jardutea. Ildo estrategikoetan eta eguneroko lanean, Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz izatea; Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako herritarrez gain, Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko herritarrei ere euskarri eta ezinbesteko arnasgune bat eskaintzea. (Ados erantzun zuten guztiak)
B2. EITBren urteko aurrekontutik edukietara bideratutako diru- partidaren %75a euskarazko eduki eta programetara bideratzea. (EH Bildu soilik ados)
B3. EITBren euskarri guztietan euskarazko fikzioari toki nabarmendua egitea eta euskarazko film eta serieen emisioei kuotak ezartzea. EITBren telebista linealean, helduentzako film eta telesailen emanaldien %50 gutxienez euskaraz eskaintzea, eta kuota hori progresiboki handitzea. (EH Bildu eta Podemos ados)
B4. Primeran plataforman, film, telesail, dokumental eta bestelako ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita eskaintzea. (Ados erantzun zuten guztiak)
B5. Bi urteko epean, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea. Lehen urtean, bikoiztea haur eta gaztetxoen edukietara bideratutako aurrekontua, bigarren urtean, gaur egun bideratzen den aurrekontua hirukoiztera iristea. (Ados erantzun zuten guztiak)
B6. Euskarazko bikoizketa EITBn, garai bateko 1.500 orduko produkzio-mailara itzultzea. (Ados erantzun zuten guztiak)
B7. EITBren bikoizketa-lanen esleitze-prozesuetako baldintzen plegua berrikustea, obren kalitatea lehenetsiz, irizpide artistiko- teknikoei pisu gehiago emanez, eta lanak esleitzean enpresen aukera berdintasunerako eskubidea bermatuz. (Ados erantzun zuten guztiak)
B8. Bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea, arloko profesional eta kolektiboen eskubideak bermatuz. Bikoizketa arloko lan-harremanak erregulatuko dituen hitzarmen kolektiboaren alde egitea. (Ados erantzun zuten guztiak)
B9. EITBk ikus-entzunezko lanak finantzatzeko darabilen diru-partidaren %75 euskarazko ikus-entzunezko lanak laguntzera bideratzea. (EH Bildu eta Podemos ados)
B10. EITB taldearen euskarazko irrati kateak indartzea eta sustatzea. Radio Euskadi-n eta Radio Vitoria-n euskarazko edukiei askoz presentzia handiagoa eskaintzea, eta irrati horietatik ere euskarazko kateen sustapena egitea. Euskarazko kultura eta musikaren eskaintza bikoiztea irrati-kate guztietan. (EH Bildu, Sumar eta Podemos ados)
C. Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa eta azpidatzi guztiak egokitu eta streaming plataformetara helaraztea, plataformen katalogoetan euskarazko bertsioak eskuragarri egoteko, Espainiako Estatuko Ikus-entzunezko Lege Orokorrak agintzen duen bezala. (Ados erantzun zuten guztiak)
D. Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea. (Ados erantzun zuten guztiak)
E. Zineman eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak euskarazko lanen sustapenerako propio sortutako webgune eta sare sozialetako kontuetan, eta, EiTBren albistegi eta bestelako programetan. Sailetik kudeatutako webgune hori euskaraz ekoitzitako, euskaraz bikoiztu/azpidatzitako edukien erreferentziazko datu-base publikoa bilakatzea. Euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestea eta zaintzea. (Ados erantzun zuten guztiak)
F1. EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea. Euskarazko kulturari eta sortzaileei EITBn eta zirkuituetan gutxieneko kuotak ezartzea. Euskarazko sortzaile eta interpreteen egoera prekarioari aurre egiteko politika eraginkorrak abian jartzea, duintasunez lan egiteko neurri ekonomiko-fiskal zehatzak ezarriz. (Ados erantzun zuten guztiak)
F2. Sareko plataformetan dauden euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak abian jartzea. Sare sozial eta plataformetan euskarazko proiektuak sortzeko dirulaguntza publikoak bideratzea. Plataforma horietan euskara hizkuntza- aukera gisa bermatzeko eta euskara hizkuntzaren arabera edukiak iragazteko eta bilatzeko aukera izateko lan egitea. (Ados erantzun zuten guztiak)
G1. Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta lan egitea, eta enpresarialarekin harremanak sortzea bideojokoetan euskararen presentzia bermatzeko. (Ados erantzun zuten guztiak)
G2. Euskarazko bideojokoen sortzaileei bideratutako berariazko dirulaguntzak abian jartzea, eta kanpoko ekoizleei produktuak euskaratzeko erraztasunak ematea. (Ados erantzun zuten guztiak)
G3. Nintendo, PlayStation, Xbox eta sektoreko gainerako puntako enpresen bideojoko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatzeko eta bideojoko dendetan euskara etiketa berezituarekin aitortzeko lan egitea. (Ados erantzun zuten guztiak)
Erantzun
Sartu