Teknologia albisteak

Lehiaketak eta taldeak sortzeko aukera gehitu diote Appa hi! aplikazioari

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-12-19 : 08:25

Hika ikasi eta praktikatzeko aplikazioa da Appa hi!, Badihardugu Elkartearekin batera CodeSyntaxek garatuta 2021. urtean. Oso modu errazean hika egiten ikasteko eta praktikatzeko aukera ematen du. Azken asteotan zenbait berrikuntza egin dizkiogu aplikazioari, besteak beste, Sustatun aipaturiko beste bost herritako hikako taulak, bideoak eta ariketak ere erantsi zaizkiola. Baina gaur komentatzera gatozena, Lehiaketak antolatzeko eta jokatzeko funtzionalitatea gehitu zaiola.

Oso modu errazean, edozein erabiltzailek lehiaketa txikiak antolatu ahalko ditu aplikazioan bertan hikarekin jolasean ari garela praktikatzen jarraitzeko, dela senideekin edo lagunekin, dela ikastetxe edo euskaltegi batean. Bizpahiru urratsetan, modu samurrean, Talde eta Lehiaketak sortu daitezke, zure inguruko lagun, senide eta ikaskideekin partekatu, eta talde horren barruko erronka eta lehiaketa txikiak antolatu.

Lehiaketen aukera hori oso modu ederrean jarri dugu martxan, Badihardugu Elkarteak eta Oñatiko Udalak joan zen ostiralean Oñatiko gazteekin antolatutako lehiaketaren bidez.

Saiakera Oñatin

Hain zuzen ere, Txantxiku ikastolako 50 gazte aritu ziren nor baino nor, oso giro onean eta barre artean, ea Oñatiko hika nork hobeto menderatu. 

ingoxonau-appa-hi-lehiaketa-onati.jpeg

 

Txantxiku ikastolako 60 ikasle Gaztelekuan batuko ziren lehiaketa egiteko. Lehiaketan parte hartzeko "giltza" eman zien irakasleak, pasahitza, eta guztiak batera lehiatu ziren. Guztira bost partida jokatu zituzten: 50 galdera inguru erantzun ez. Txantxiku ikastolan hika praktikatzeko 15 minutuko saioak egiten dituzte ikasturtean zehar, Oñatin hika biziberritzeko sortu zen Ingo Xonau! egitasmoaren barruan, eta hortaz ikasleak trebatuta zetozte oñatierako hikako formekin. Goiko irudiak saio horretakoak dira.

Appa Hi-ren ibilbidea

Appa hi! aplikazioaren helburua bost astean hitanoaren oinarria ikastea eta barneratzea da, baina betiere modu errazean eta alderdi ludikotik abiatuta. Hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak ere aurkezten dira, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Euskaldun guztiei eskainia, gazte zein adineko, euskara-maila edozein dela ere. Doakoa da eta Android zein Apple telefonoetarako dago eskuragarri. Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren baitan sortu zen aurreneko bertsioa 2021ean eta 2022an Euskara batuko hika praktikatzeko edukia erantsi genion. 2023 amaiera honetan Eibar, Arrasate, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Leintz Gatzagako atalak gehitu dizkiogu aplikazioari, eta esandako gaitasun berri hau, Lehiaketak egitekoa.

Egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5 astean hika egiten hasteko prest izango zara. Horixe izan da gure buruari jarri diogun erronka: 35 eguneko epea.

 

Erantzun

Sartu