Hitanoa praktikatu eta ikasteko Appa Hi aplikazioak aldaera desberdinekin probatzeko aukerak gehitu ditu azken egunetan. Batetik, Eibarko hitanoa gehitu zaio, eta bestetik Leintz haraneko zenbait herritako formak ere bai: Arrasateko, Aretxabaletako, Eskoriatzako eta Leintz Gatzagako hika lantzeko eta ikasteko aukera.
2021ean sortu zuen Ahotsak egitasmoak Appa Hi!, hitanoa ikasteko eta praktikatzeko aplikazioa, Codesyntaxekin elkarlanean. Oñatiko Ingo Xonau! proiektuaren baitan sortu zen lehen bertsioa eta 2022an Euskara batuko hika praktikatzeko edukia erantsi zitzaion. Orain beste herri batzuetakoak.
Eibarko kasuan Akebai ekimenak, Egoibarra ondarearen batzordeak eta Eibarko Udalarekin batera egin du lan Ahotsakek bertako toka eta noka formak gehitzeko. Leinzko hizkeren kasuan, lau udaletako laguntza izan da tartean.
Irudian, Eibarko eta Eskoriatzako hitanoaren berri pantaila-irudi pare batean:
Herri hauetako bakoitzeko hika berreskuratzeko erreminta honek bost asteko ikasketa prozesu bat proposatzen du galdera-erantzun jolasaren bitartez. 35 egunean hitanoaren funtsa ikasteko aukera ematen du egunero pilula bat eginez. Pilula bakoitzean azalpenak, marrazkiak eta bideoak ageri dira, eta ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera irekitzen da. Bestela, partidak nahi beste aldiz errepikatu daitezke, ondo egin arte.
Doako Appa Hi aplikazioa Google Play edo App Store dendetan aurkituko duzue.
Erantzun
Sartu