Teknologia albisteak

Hilobira bultzaka, Joseba Intxaustiren artikulua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-09-01 : 10:44

Duela bi aste hil zen Joseba IntxaustiJakin aldizkariko zuzendari izandakoa. Hari buruzko hil-oharrean artikulu bat aipatu genuen, gazte zela idatzi zuena, geuk bezala beste ohar batzuetan ere aipagai izan zena: Illobira bultzaka, euskarak bizirauteko behar zuen eredu eta jardunaz hausnarketa funtsezko bat, 1959. urtean idatzia. Besteak beste, Pruden Gartzia Euskaltzaindiko liburuzainak aipatu zuen berrargitalpena merezi zuela testuak. Horixe egin dugu, irudizko PDF-tik testu hutsera ekarrita hura. Ortografia originala errespetatu dugu.

ILLOBIRA BULTZAKA

—Guk euskera il? Gu euskera iltzen ari gerala? Nork esan dik iri orrelakorik? Esan, esan errez egiten dituk orrelako oiek: arrazoirik esicatzean kontuak...

Onelatsu erantzun zidan, amorru biziz, eztabaida bero batean, orain gutxi lagun batek. Gezurtxo batekin baretu nezaken nere eztabaida-laguna; baiña nik erantzun bear izn nion. Ba-dakit lantxo onek -lagun ori bezela- norbait baiño geiago zauritu dezakena; ixildu egingo aal naiz, ordea? Ez, euskerak bestela eskatzen duela uste baidut. Irakurle, adiskideki itz egin dezagun, Terenzio'ren ura beteko bada ere: Veritas odium parik.

Euskera illobira bultzatzen ari zaizkigu zenbait euskal-idazle, nai dan borondate onenarekin bada ere. Borondateak egiaren serbitzari izan bear du eta edozein ezbear zital erakarrl dezaiguke bere aurka dabillenean. Euskal-idazleok egin —eta egiten— ditugun burugabekeriak tamalgarriak dira benetan... Euskal-jauregia edertu ta bikaindu nai izan dugu, eta zeruraiño jaso dugu (goregi ez ote?); baiña barrua txukun eta garbi gorde dedin, biztanleak —euskaldunak— uxatu egin ditugu, eta jauregi dirdaitsua museo biurtzeko asmoa artu... Ez aal da au negargarria? Euskaldun guziontzat babes-leku zan eta sukalde epel izan ziteken jauregia, museo ixil eta otza biurtzera goaz oraiñarteko bideetatik. Euskera-jauregian ez dugu antxiñako irudi, arri, ezur eta abarrentzako ikusleku txukunik bear, ez; jauregi~kolkoa bizitzaz, lantegiz, laboratorioz, jakintzaz bete bear dugu: bizitza, bizitza bear da.

Izkuntza zer da? Lagunurkoari gure barnea erakusteko daukagun bide bat eta bideetan egokien eta errezena. Au ba-diteke perogruillukeri bat izatea; baiña, arren, ez dezagun aaztu. Ori da izkuntzaren leenen jomuga, ortarako sortua baita. Istoria-zear izkuntzak berezitu egin zaikigu. eta erri bakoitzak, eboluziñoa-lagun. bere erritasun ta berezitasunak sendotu dituenean, izkuntza ori beretu egin du: erritasun berezi ori itsatsi dio bere izkerari. Onegatik, izkuntzen jaiotegunean oinbeste eta ain garbi ez bazan ere, gaurko izkerak bi elburu ditu: gizonaren ideak adierazi ta erriaren nortasuna argitaratu. Baiña izkeren leenbiziko elburua gizonaren zerbitzari izatea da, gero erriarena.

Gaiñera, leenengo eginbear orri gaizki erantzuten badio, gizonak laga egingo du izkuntza, ta orduan ez da erritasuna agertuko duen izkerarik ere izango. Izkuntza bat gordetzeko, ez dago berak gizonari inguratzen dion praktikotasunari begiratzea bezelakorik, Beraz: IZKUNTZAK EZ DU BALIO ABSULUTURIK; berez ERLATIBUA DA. Izkuntza gordetzeko bere jasoiñak (praktikotasuna, kultura) sendotu ditzagun, ez erromantizismoz (aberzalekeriz?) argaldu ta beratu.

Premisa auei berez darie beste ondore au: EUSKERA KULTURAZ BAKARRIK SALBA DEZAKEGU, ez da beSte biderik. ta kulturak zer esan nai du emen? Kultura, bizitza-PraktikutaSuna da. literaturan bi talde bereizi ditzazkegu; gizon konkretuari begiratzen dion literatura-sailla, ta erritasuna sendotu naiez ari dana. Leenengo taldean jakintza-liburuak-eta dauzkagu: Deretxua, Mediziña, Filosofia ...; auek praktiku izan nai dute, gizonaren bearrak aseaz. Bigarrenean, berriz, literatura utsa sar dezakgu: ertia egin nai du onek, batez ere; baiña erri-nortasunaren seillua idazkietan ezarriaz, ez da gizonaren zerbitzari, erriarena baiño.

Jakintza-literaturak eguneroko gizonaren bearrak osatu nai ditu; literatura-sailla, ordea, edertasunari begira lilluratzen da. Ura praktikua da, au interesgabea, Eta ez dago zer esanik: gizonak, geroz ta geiago, Praktikutasuna nai du leenen.

ERRITAR EUSKAL LITERATURAK EZDU EUSKERA SALBATUKO, geienez ere pittin bat iraunaraziko du. (Ta au esatean, erriarentaet idatzi oi dan literatura uts ori esan nai dut). Zergatik? Gizartea praktikutasun ta mimetismu batek gobernatzen dutelako.

Praktikutasunak: egunean baiño egunean, gizartea kulturazaleago egiten ari da, baiña kultura ori euskeraz —ez dut oraindik ikasi esaten— erabilli aal ez badeza, gai oietzaz jardun nai duenean, derrior erderara jo bearko du. Medikua bere jakintzaz mintza nai danean, erderaz jardungo du, eta berdin abogadua, ingenierua, filosofilaria t.a. Erria ere berebat; zenbat ikasiago izan, erdera geiago bere ezpaiñetan, eta binbitartean euskera bazterturik ta mendiora bidean...

Mimetismuak: gizonak beti itxura onez jantzi nai du bere burua. Gizarte-beeko mailletan daudenek, erritarrek, goikoen —itxura onekoen— jokabideak segi nai dituzte. Izkuntzak, berriz, berez ez du izen on edo txarrik, ori mintzatzen dutenek ematen diote. Beraz goikoek —ikasiek eta aberatsek— erderaz itz egin badezate, ez diote oiek euskerari prestijiurik emango noski, ta azkenik erritarrek —kale ta baserritar— ere ejenplu ori jarraituko dute.

Onela, bada, kulturagabeko izkera illobira doa bear-bearrez; kultura sendo bat daukana, berriz, beti jeikiko da arro. Begira Canadá'ra: atzerritar denak beren izkuntza galdu ta inglesera artzen dute: baiña Prantzi'tik doazeneri etzaie ori gertatzen, kultura aberats bat duen prantzes-minori bat aurkitzen dutelako. Filipinas'en, berriz, ez da oraindik gaztelerazko kultura sendorik, ta inglesera geroa ta indartsuago doa... Kultura jori bat sortzen ez badugu, erri-literatura aberatsa izanarren, euskera il egingo zaigu. Lan egin dezagun goitik beera, ez dago beetik gora egiterik-eta.

Ta oraiñarterakoan zer egin dugu kultura-bide ontan? Ezerez, esango ote dut? Ezer gutxi beintzat bai, oso gutxi. Ta lan au nola egin da? Nere ustez -eta ez naiz bakarrik- gaizki, oso gaizki. Ez dut, au esatean, idatzi dan dena kondenatu nai, ez, joera berezi bat durten idazki batzuk baizik.

Euskal-idazleen artean, gazteongan batez ere, gertatu dena au da: kultura egiteko preparaziorik ez dugula. Ba-genekien euskera, ortan bear bada maixu giñan -maixutza ere erlatibua baita-, orregatik euskera, euskera ta euskera eman dugu. Besterik ezean zer egingo genuen, ba? Baiña au ezin ditekena da. Zenbait idazleok euskera puxka bat ikasi eta idazteko prest geundela uste izan dugu. Zer idatzi, ordea? Euskera? Onatx izkuntza~formalismua deitu izan dana. Formalismua, berriz, literaturan egin diteken pekaturik astunenetakoa da: esakera euskeragatik erabilli; izkuntza absolututasunez jantzi dugu orrela. Okerrena dana, irakurleek ere berdintsu pentsatzen dute: euskeraz irakurtzean, ez ditekela euskera ikasteko baiño izan, alegia. Aurreko batean ezagun batekin topo egin nuen, eta ni YAKIN'etzaz mintzatzean, onela galdetu zidan: "Ta zuen errebista ori EUSKERA IKASTEKO aal da?" Etzitzaion nunbait euskal-errebista batek bestetarako balio zuenlk nuruan sartzen.

Nola sortu dezakegu euskal-kultura au? Nolako euskera bear genuke lan ontarako? Ona emen koxka. Gaiak GAURKOAK eta euskera ERREZ-ERREZA. Zenbait euskal-liburu klasek idazle geiago dituzte irakurle baiño... Parregarria... Nere ustez, euskalzaleentzat idatzi oi da eta euskaldunok ez dugu ia euskal-kultura idazilerik: euskera, alor ontan, euskalzaleen monopoliua da. Euskalzale auek izkuntsa-sibarita batzuk baiño ez ditugu: berentzako bakarrik izango dan euskera aparteko bat nai dute. Ta "aparkokeri" onekin ez dago euskal-kulturarik eraikitzerik. Kultura egin nai badezagu, irakurleak ugaritu bear ditu gu leenen: ta au lortzeko euskera ERREZA bear da: erreza, erreza... Oraintsu euskal-idazle batekin nengoela, eskuar tean zeukan errebista batetzaz, irakurtzen zuen galdetu nion: "Ez, egia aitortuko diat —erantzun zidan—, ez baitiat ulertzen". Euskera ba-daki, ta idatzi ere ondo txukun egiten du; gaiñera karreraduna da, ta errebista arek eman zezaizkioken gaiak baiño goragokoak ere uler zitzazken, ta ala ere etzuen ulertzen "euskal-idazle" aiek ziotenik... Baiña etzan orretan bukatu; zirikatu naiez zera esan nion:

—Ezin ditekena duk ori. I euskaldun eta euskalzale, beste euskaldun askok batño euskera geiago dakikana, kulturaz ere or idazten dutenen parekoa, ta ala ere ez duk ulertzen? Beraz, idazle oiek ez ditek ongi idazten.

—Ez, gizona, ez. Oiek euskerazko kultura sortzen ari dituk eta euskera ori berria delako ez diat nik ulertzen —erantzun zidan oso serioki.

—Polita orixe: euskal-kultura egiten ari dituk eta euskaldunek ez dizkitek ulertzen. Ogeitamar —oinbeste?— irakurlek leitutzen duten lanak nola sortu zezakek euskal-kulturarik?

Ikusia dago, ez da aski idaztea kultura sortzeko, irakurleak bear dira orretarako erruz. Ba-dira gerorako lanean ari gerala esaten dutenak ere. Gerorako... emendik 150 urtera izango diran euskaldunentzat...! baiña orduan —binbitartean euskerazko kulturarik izan ez badugu— euskaldunik iaango aal da munduan? Orain, gere idazkiokin, irakurleak suspertu ta ugaritu ordez, urritu ta urrundu baditugu, emendik 150 urtera nun aurkituko ote ditugu irakurle oiek?

Oraingo edadekoekln ez daukagu zer egiñik: lendik euskalzale diranek ortan jarraituko dute; baiña euskera baztertu duten 40 edo 50 urtekoei ez diegu euskeraratzekorik eskatuko. Zertarako alperrik itz egin? Gazteongan dago euskeraren etorkiazuna, baiña, tamalgarria!, entzun idazle askok zer egiten diguten: euskaldun soillarentzat ULERGARRI EZ DAN EUSKERA EMAN. Ortik jarraitu nai badugu, ixildu gaitezen bein betiko, euskerari egungoko mesedea egingo baitiogu. Ixil gaitezen!

Guziori gertatu zaiguna da au: luzatu diogu euskal gazte jator eta borondate oneko bateri euskal-liburu kulturadun bat, eta bereala borondate on orrek pot egin du: berriro itzuli egin digu liburua. Zer gertatu zaio? Ez duela ezer ulertu, ta onelako liburu bat zertarako irakurri? Oiek ez dira berarentzat idatziak, euskal-kultura egiten ari baitira (!?) idazle oiek. Eta zenbat eta zenbat onelako... Orra or nola urritzen ditugun euskal-irakurle gazteak.

Kultura-praktikutasunak bakarrik salba dezake gure euskera, ta idazkera ulertezin eta nekezak nola emango ote dio praktikutasun ori iltzear daukagun izkuntzari?

Laburturik: kultura bear dugu; ontarako irakurle ugari bear ditugu, ta ez dago irakurleak ugaritzerik, zenbait idazleen euskera-bidez.

Ba-dakit zer eta nola egin bear genuken galdetzen duzuna; baiña ortarako ez da emen lekurik, ia beste batean...

Euskal-idazle: IXIL ZAITE, zure euskera odeitarrez, euskal-irakurleak urritu, ta gure izkuntzari semeak kentzen saiatu nai baduzu. Arren!!!

Intxausti'tar Joseba Ank. ofm.
Arantzazu'koa

Erantzun

Sartu