Teknologia albisteak

Joseba Intxausti, Jakineko zuzendari izana, hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-18 : 10:08

Jakin aldizkari eta taldearen nukleoko funtsezko intelektual bat, Joseba Intxausti Rekondo (Segura, 1936), hil egin da. Historialari, idazle, kulturgile, ohorezko euskaltzain... Jakin aldizkariaren zuzendari hainbat urtez. Talde lana izan zen horretan bultzatzaile nagusietako bat izan zen, Joan Mari Torrealdai, Joxe Azurmendi eta Paulo Agirrebaltzategirekin batera. Lorea Agirre egungo Jakineko zuzendariak zabaldu du heriotzaren berria gaur goizean.

Jakinek argitaratu du ohar bat Intxaustiren ibilbidearen zantzu nagusiak errepasatuz. Frankismoko garaiko atzeraldian jatorrismoari aurre egiteko premia ikusi zuela nabarmentzen dute bertan. Eredu harekin ezinezko ikusten zuen Intxaustik "euskaraz arlo guztiei buruz aritzea, besteak beste zientziari eta teknika modernoei buruz irakurleek ulertzeko moduan idaztea. 1959an Jakin-en argitaratutako ‘Illobira bultzaka’ artikulua da Intxaustik arlo horretan izandako aitzindaritzaren lekuko."

Handik urte gutxitara, Joxe Azurmendik esana da, eta Pruden Gartziak gogoratu digu esaldia: "Txillardegik Intxausti konbentzitu zuenean Jakin euskara batura pasatzeko hasi zen guztia".

Garaiko (eta Jakineko taldeko) beste intelektual batzuek bezala, apaiztegiaren eta apaizgoaren bidetik ikasi eta formatu zen Intxausti, baina apaiz izateari utzi zion gero. Berarekin La langue des Basques liburua idatzi zuen Hélène Handalian hizkuntzalari armeniarrarekin (eta euskaldunarekin) ezkondu zen. Alargun geratu da Handalian.

Azken urteotan bi iker lerro nagusitan aritu izan da Intxausti. Batetik, euskararen historia sozialaren ikerketan, Euskaltzaindiaren Joanes Etxeberri proiektuaren bidez, eta bestetik Euskal Herriko historia erlijiosoaren ikerketan.

2018an, Jakin Taldearekin batera, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Urrezko Domina jaso zuen. Hau ilustratzeko erabili dugun argazkia Jakinena da, ordukoa. Joseba Intxausti ageri da Paulo Agirrebaltzategi eta Joan Mari Torrealdairen artean. Ezkerrean domina ematen ahaldun nagusi zena, Markel Olano.

Joseba Intxausteen hilbeila Donostiako Errekaldeko beilatokian izango da bihar abuztuak 19, larunbata, 10:00etatik 17:00etara eta ondoren, hileta elizkizuna, larunbatean bertan, 18:00tan Donostiako San Frantzisko parrokian (Mandasko Dukea, 39).

Erantzun

Sartu