Teknologia albisteak

Lezetxikiko ondarea kaltetu dute eta Ertzaintzak arrasatear bat du susmagarritzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-08-05 : 12:09

Ohar baten bidez jakinarazi zuen Ertzaintzak atzo, ikerketa 2023ko otsailean hasi zutela, Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologoak konturatu zirenean Arrasaten dagoen Lezetxiki kobazuloan kalteak egin zituztela. Egiaztatu ahal izan zutenez, kobazuloa babesten duen perimetroko hesia hautsita zegoen, aztarna arkeologikoen bila kata klandestinoak egin zituzten (espleologiako jakintza eta tresnekin horninutako norbait izan zelako zantzuekin) eta pintada edo grafito ugari zeuden horma eta sabaietan. Ikerketak susmoak Arrasateko gizonezko bat ikerketapean uztera eraman du Ertzaintza.

Ertzaintzak zabaldutako prentsa-oharrekoak dira artikulu honetako argazkiak eta datuak. Oharrak ez dio ezer aurten zabaldu zen beste salaketa bati buruz, Abiadura Handiko Trenaren lanaren obrak aztarnategiraino iritsi direla, ustez bidea aldatu zela esan zuten arren. ;

Orain jakindako kasuaren barruan, Hartza deitu duten operazioan, Ertzaintzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren Atal Nagusiko agenteek egiaztatu zuten pertsona ezezagun bat, espeleologiako materialez hornituta, kobazuloan sartu zela Foru Aldundiaren baimenik gabe, eta hainbat orduz egon zela barruan. Arrasateko bizilaguna den pertsona horri ondare historikoaren aurkako kalteak eta espoliazio arkeologikoa leporatu dizkiote.

Ustez pertsona horrek egindakoen artean, lurrean kata edo indusketa-zulo bat, aztarnak lapurtzeko intentzioarekin edo:

Polizia-eginbideak amaitu zituztenean, Gipuzkoako Probintzia Fiskaltzako Ingurumen, Hirigintza eta Ondare Historikoaren arloko fiskal ordezkariari bidali zizkioten zegozkion ondorioak izan zitzaten.

Ondare Historikoaren aurkako kalteak Zigor Kodearen 323. artikuluan jasota daude, eta balio historikoa, zientifikoa, kulturala nahiz monumentala duten ondasunetan edota lurreko nahiz urpeko arkeologia-aztarnategietan egindako kalteak edo espoliazioa sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxealdi-zigorrarekin edo hamabi hilabetetik hogeita lau hilabetera arteko isunarekin zigortzen ditu.  

Gainera, arkeologia-aztarnategi batean baimenik gabe sartzea, Foru Aldundiaren baimenik gabe esku-hartze arkeologikoak egitea edo gune arkeologikoetan metal-detektagailuak erabiltzea Euskal Kultura Ondarearen Legearen aurkako arau-hauste administratiboak izan daitezke, eta bertan ezartzen dira 100.000 euro arteko isunak arau-hauste arinetan, 250.000 euro artekoak arau-hauste larrietan eta 1.000.000 euro artekoak arau-hauste oso larrietan.

Aztarnategi edo gune arkeologikoetan legez kanpoko jarduerak egiten direla, esate baterako, metal-detektagailuak erabiltzen direla, legez kanpoko indusketak eta abar egiten direla, susmatuz gero, Ertzaintzak gomendatzen du 112 telefono-zenbakira deitzea, patruila batek egitateak egiaztatu ahal izan ditzan eta dagokion prozedura has dadin.

 

Erantzun

Sartu