Duela urte batzuk, paleontologo eta espeleologoek salatu zuten Abiadura Handiko Trenaren bideak Lezetxikiko kobazuloa (Debagoienan) suntsitu behar zuela. Alvaro Arrizabalaga indusketen arduradunak helegiteak aurkeztu ondoren, bidea aldatu omen zen (pasatzeko 70 metrora edo 200 metrora, segun aipatzen den lotura horietan) eta distantzia arriskutsua bazen ere... Azkenean lanak Lezetxikiraino bertaraino iritsi direla ikusi du Debagoieneko espeleologo talde batek, salatu dutenez.
Hona salaketaren testua, zeina sinatzen duen Lezetxikiren Lagunak izeneko taldeak:
Espeleologia zaleok, Arrasate eta inguruotakook, bi urte dela konturatu ginen Lezetxiki kobazulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Barreneko galerietarako bidea berriki eroritako harri handiz zegoen estalita, guztiz. Garai hartan, AHTaren obrak zirela eta, ia egunero izaten ziren leherketak eta hauek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen.
Aurtengo urtarrilaren hasieran, aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin genuen eta aztertzeari ekin genion. Astebete dela egin genuen aurreneko saiakera. Etendako bidearen eta gainerako bideen gainekaldetik igarotzen da guretako ezezaguna zen pasabidea. Amaieran, 15 bat metroko jauzia du, azpitik datorren ohiko bidearekin batzen dena. Zailtasunak zailtasun, iritsi ginen jauzira. Kobazuloa ondo argiztatu eta inguruan genuena sinetsi ezinik gelditu ginen. Zer zen hura! Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena.
Harri-askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu
ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen. Bai, jaun-andreok, AHTaren tunela Lezetxiki barruan egin dute, haitzuloa zulatuta.
Bertaraino iritsi nahi izan genuen, baina material onik ez eta beste egun batean itzultzea erabaki genuen, segurtasuna ondo bermatuta egon zedin. Eta halaxe egin dugu. 2023ko urtarrilaren 28an, beharrezko materialarekin tuneleraino iristea lortu dugu. Egindako izugarrikeriari argazkiak atera eta kanpora irten gara, guztiz atsekabetuta.
Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideetan sortutako kalteak.
Abiadura Handiko Trenaren lanek gure herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu gura dugu. Onartezina da Lezetxiki modu horretan suntsitzea, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua dena eta guretako kobazulorik kuttunena dena.
Lezetxikiko Lagunek irudiak ere zabaldu dituzte (artikulu hau ilustratzen duena da bat), eta bideo bat ere egin dute.
Lezetxikin animalien eta gizakien aztarna zaharrak daude. Gure espezieko Sapiens baten hezur bakarra, baina interesgarriagoak suerta daitezkeen homo heidelbergensis espezieko eta neandertalen aztarnak topatu dira, Euskal Herriko hominido zaharrenen aztarnak, berez, duela 164.000 urtekoak.
Ez da inguruetako leize batek jasandako azken erasoa. Gertuko beste aztarnategi batean Sapiens aztarnak aurkitu ziren 1970eko hamarkadan: Labeko Koba zeritzon. Baina hori guztiz hondatu zuen 1980eko hamarkadako autobide zabalpenak.
Erantzun
Sartu