Teknologia albisteak

Goiena aldizkariak 1.000. alea kaleratu du eta artxibo handi bat igo du sarera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-07-09 : 09:26

Asteburu honetan Debagoienenan banatu den Goiena aldizkariak 1.000 zenbakiaren marka darama. Goienkaria izenarekin hasi zen 2000.eko abenduaren 1ean, eta harrezkero paperezko eta gainerako euskarri digitaletako produktu gehiagorekin hornitu du bere eskaintza. Milagarren alearekin batera, eskualde-aldizkariaren aurrekari izan ziren herri-aldizkarien artxibo digitalak eraman dituzte sarera.

Goienkaria, 10. urteurrenarekin, Goiena bilakatu zen eskualdeko Goiena elkarteak markak baterartu zituenean 2010. urtean (Goiena Telebista izena hartu zuen ordura arteko GoiTBk orduan). Hori ere Sustatun kontatu genuen.

Bidean, beste aldizkari batzuk ere kaleratu ditu Goienak, Asteleheneko Goienkaria bere garaian (2003 eta 2010 artean), eta azken urteotan Puntua, bazkideentzat banatzen dena 2015. urtetik.

Hortaz, 1.000 ale bildu dituzte, baina Asteleheneko Goienkariaren 479 ere argitaratu dira bidean, eta Puntuarekin 374 doaz. Hauek denak sarean daude hemerotekan ikusgai, eta orain elkartu zaizkie hauei Goeinaren aurrekari izan ziren eskualdeko zazpi herri aldizkariren 2.758 zenbaki, Debagoeieneko Herri Aldizkarien Hemerotekan.

Hor daude, Berrigara (Bergara), Arrasate Press, Aretxagazeta (Aretxabaleta), Goibekokale (Elgeta), Zer Barri (Eskoriatza), Kontuola (Antzuola) eta Txirritola (Aramaio).

Artxibo hori eta Goienaren osoa Goiena.eus atarian daude. Webgune hori, Goiena.net izenarekin, 2003ko abenduan jaio zen, oraingoa bezala CodeSyntax-ek (Sustatu egiten duen enpresak) azpiegitura jarrita.

Informazio gehiago Goiena.eus-en eta Iban Arantzabalen hari pertsonal honetan.

 

Erantzun

Sartu