Teknologia albisteak
3

Goiena.net: Debagoieneko ataria Interneten

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu - Sustatu
2003-11-28 : 15:11

Abenduaren 2an, asteartea, egingo da goiena.net Interneteko atariaren aurkezpena. Goiena kooperatibak abian jartzen duen atari berri honen bidez, debagoiendarrek informazioa inoiz baino azkarrago jaso ahal izango dute, eta norbera ere informazio emaile bihurtu.

Ekimen aitzindaria

Ekimen aitzindaria

Goiena.net webguneak eskaintzen die debagoiendarrei informazioa jasotzeko modu berri bat. Hori posible da Interneten abantaila guztiak debagoiendarren mesedera ipintzen dituelako goiena.net-ek. Lehen ere, Debagoieneko herri gehienek bazituzten euren webguneak, baina orain, horien lekua hartu barik, haien eskaintza bildu eta borobiltzen duen ataria da goiena.net. Ekimen hau aitzindari izango da; izan ere, informazioan oinarritutako webgune asko badaude ere, eskualde bat bere osotasunean zerbitzatzen duten webguneen artean lehenengoetarikoa da goiena.net.

Atariaren jende aurreko aurkezpena abenduaren 2an izango da goizeko 9:30ean, Arteagan , Arrasateko Garagartza auzoan. Goienako arduradunez gain, Eusko Ikaskuntzako, Mankomunitateko, Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko ordezkariak ere egongo dira. Debagoiendar guztiak daude ekitaldira gonbidatuta.

Herri bakoitzak, bere saila

Atari horretan, herri bakoitzak bere sail propioa dauka, eta erabiltzaileak gunea pertsonalizatu dezake, bere herria aukeratuz. Horrez gain, Debagoienak, ibar bezala, bere azpi-ataria dauka goiena.net-en, eta ibar osoari dagozkion albiste eta erreportajeak irakurtzeko aukera du, norbere herrikoetaz gain.

Bai herri bakoitzean, bai eta Debagoienerako atarian ere, albisteez gain, beste sail interesgarri batzuk badaude: adibidez, datozen ekitaldien agenda eta gaurkotasuneko gaiak eztabaidatzeko gunea. Biotan, erabiltzaileen parte hartzea oso garrantzitsua izango da, hitzorduak proposatuz zein eztabaidetan iritzia emanaz.

Erabiltzaileak bidalitako erantzuna bat-batean agertuko da webgunean, beste erabiltzaile batzuek eztabaidatu ahal dezaten. Honekin guztiarekin, ibarrekoentzako topagune birtual izateko jaio da goiena.net.

Harpidetzeko aukera

Erabiltzailearentzako erosotasun osoa eskaintzen du goiena.net-ek; izan ere, harpidedun egiteko aukera dago, doan, eta albisteak posta elektronikoz jaso daitezke. Horrez gain, softwarea erabiltzen oso erraza da, Interneteko erabiltzaile guztion esku. CodeSyntax arduratzen da atariaren alde teknikoaz.

Eta ez da ahaztu behar Interneteko abantailetaz euskara hutsean gozatzeko aukera ere ematen digula goiena.net atariak. Modu horretara, Goiena komunikazio kooperatibak denetariko euskarazko informazio baliabideak jarriko ditu herritarron eskura: prentsa idatzizko medioez, irratiaz eta telebistaz gain, orain, Internet gune bat.

Ataria pausoz pauso

Home page: sarbide nagusia da, www.goiena.net helbidean. Ibarreko izenburu nagusiak, ekitaldi agenda eta herri bakoitzeko izenburuak agertuko dira.

Agenda: egutegi bateko egun bakoitzean klik eginda ikusi ahal izango dugu ekitaldiaren berri, zehaztasun. Herritarrek ere hitzorduen berri eman dezakete.

Eztabaida: gaurkotasun handiko gaiak proposatuko dizkie Goienak herritarrei, haiek iritzia eman dezaten. Parte hartzea irekia da.

Debagoiena: erabiltzaile bakoitzak bere udalaren inguruko informazioa jaso ahal izango du; izan ere, ibarreko udal webgune guztiak Goiena-net-en integratuta daude.

Beste Webgune Euskaldun Bat: www.goiena.net

Erantzunak

Andoni Bengoa
2003-11-28 : 16:53

Goeina.net etik bueltatxo azkar azkarra egin dudan arren, Webgune erabilgarria iruditu zait. Bereziki agenda bateratua eta herrietako eztabaidaguneak ekarpen interesgarriak direla uste dut. Nik behintzat botatzen nuen faltan hain ikuspegi luzea emango zuen agendarik eta uste dut ekintzak antolatzen ari diren agente guztiek ere eskertuko dutela.





Segi horrela!

AZK TALDEA
2003-11-28 : 18:11

oso ondo dago webgunea! Aspalditik behar zuen ustezko Euskal Herriko "Laugarren Hiriak" horrelako tresna bat (eta beste mila gauza gehiago...). Baina ondo egindako lanari, gure zorionak.

Joxe Aranzabal
2003-11-28 : 19:39

Zorionak Goienari eta baita CodeSyntax enpresari ere! Hauxe da zuen elkarlan oparoaren azken fruitua. Eta egia esatera, fruitu mardula da.



Zaila zen webgune bat sortzea bederatzi herri elikatzeko, baina oso ondo konpondu duzue arazoa: Goiena.net-ek diseinu argia du, ondo dago antolatuta eta dinamikoa da. Sinestuta nago, gainera, berau izan daitekeela debagoiendarrek behar duten plaza, birtuala bezain benetakoa.



Urte askotan holaxe!

Erantzun

Sartu