Eusko Jaurlaritzaren hizkuntza politika ildo batzuetan zehaztutako Euskararen Agenda Estrategikoak (2021-2024) eta hau baino lehenago Euskara Sustatzeko Ekintza Planak (ESEP, 2012an onartua: ikus Sustatun bere alor teknologikoa nola definitu zen) markatu izan du azken urteotan. Iaztik, "ESEP" berri bat garatzeko lan egin du EAEko Euskararen Aholku Batzordearen atal batek, eta horren lehen emaitzak aurkeztu dituzte gaur jardunaldi batean Gasteizen. 2024-2034 eperako "marko estrategikoa" izan nahi duen plan berri honi Aroa izena jarri diote, eta lelo edo goiburu gisa, "Euskara indarberritzeko eta euskaldunok ahalduntzeko marko estrategikoa".
Aroa plana nahiko finkatua dago, baina ekarpen fasea irekita dago oraindik. Udazkenean burutu nahi da hori, eta Jaurlaritzak gobernu kontseiluan onartuko du orduan. Orain artean, honako egitura nagusi hau dauka.
Sei ardatzak honakoak dira, hauetarik lau binomio gisa definitu direlarik: Gobernantza, Jarrera/Motibazioak , Ezagutza/Gaitasuna, Erabilera/Elkarreragina, Ikerketa/Berrikuntza eta Komunikazioa. Azkenengo biak kudeaketako ardatzak kontsideratzen dira, eta lehen lauak estrategikoak.
Ardatzen azpain zerrendatzen dira 14 erronka, eta erronken azpian egiteko zehatzak, ehun bat elementuko zerrenda bat. Hona hamalau erronka, beren hasierako laburdurak adierazten duelarik zein ardatzi dagokion:
G.1. Euskararen normalizazioa agenda politikoaren erdigunera eraman.
G.2. Berariazko nahiz zeharkako hizkuntza-politika garatu, gainerako hizkuntzekin nahiz kulturekin bizikidetzan.
G.3. Euskararen biziberritzea munduko hizkuntza-aniztasunaren balioetan kokatu.
JM.1. Euskararen aldeko jarrera areagotu eta hiztunen ahalduntzean, hizkuntza-ohituretan eta -portaeretan eragin.
JM.2. Euskarari eta euskal komunitateari buruzko pertzepzio positiboa eta ikusgarritasuna handitu.
EG.1. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eragin.
EG.2. Euskara irakatsi eta ikasteko aukerak indartu eta berriak sortu.
EG.3. Euskarara hurbiltzen diren atzerritar jatorriko herritarren kopurua handitu.
EG.4. Euskararen ezagutza orokortzeko bidean, erraztasunari (gaitasun erlatiboari) berariaz erreparatu.
EE.1. Eremu sozio-geografiko euskaldunetan, euskara eguneroko bizitzan eroso erabiltzeko berariazko ekimenak garatu, eta, gainontzeko eremu sozio-geografikoetan, euskara nagusi izateko aukera duten eremu sozio-funtzionalak identifikatu eta horietan lehentasunez eragin.
EE.2. Euskaraz bizitzea arrunta izango den gune sozio-funtzionalak sortu, eremu sozio-geografikoa edozein izanda ere.
IB.1. Ikerkuntza bultzatu, ardatz estrategikoetako erronka bakoitzaren nondik norakoak sakon ezagutzeko.
IB.2. Euskarazko berrikuntza-ekosistema bat sustatu.
K.1. Ardatz estrategikoetako lan-ildo bakoitzak dituen xede-taldeak identifikatu eta bakoitzarentzat egokia den komunikazio-estrategia aplikatu.
Erantzun
Sartu