Teknologia albisteak

Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP): teknologien alorra

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2012-07-20 : 10:12

Eusko Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak asteazkenean izan zuen orain arteko bere azken bilera, Patxi Lopez lehendakaria bertan zela, eta Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zen bertan. Plan horretatik hartuta, teknologiarekin zerikusia duten kontuak azpimarratu ditugu hemen, eta ESEP planaren dokumentu osoa itsatsi ere bai.

Dokumentuan, batetik, "egungo egoeraren diagnostiko laburra eta zer hobetuak" izeneko atal bat dator, eta han, informazioaren eta komunikazioaren teknologien alorrean, jarraian datorren analisia egiten da. (IKT)

IKT: Gaur egungo egoera

Informazioaren eta komunikazioaren teknologietan euskararen presentzia sendotuz joan da. Hamar urtean bikoiztu egin da EAEn euskaraz nabigatzen dutenen kopurua (100.000tik 200.000ra) eta bertan ingelesez sareratzen direnekin parekatua dago gaur egun. Wikipedia bezalako egitasmoetan euskararen erabilera antzeko hiztun kopurua duten hizkuntza komunitateen oso gainetik dago eta askoz hiztun gehiago dituzten hizkuntzetatik gertu (euskal wikipedian, esaterako, dagoeneko 100.000 sarrera daudela diote; alderatu besterik ez dago beste hizkuntza batzuekin: greziera modernoa, 12-13 milioi hiztunekin, edo letoniera, milioi eta erdirekin, biak ala biak estatu hizkuntzak, ez dira wikipedian 100.000 sarreretara iristen). Gero eta tresna teknologiko gehiago dago euskaraz, eta euskal blogosfera nahiko aktiboa da. Sare sozialetan ere (Facebook, Twitter, Tuenti) sartzen ari da euskara pixkanaka.

IKTetan euskararen erabilera kalean sumatzen denaren tamainakoa edo are altuagoa da: ia %22koa da IKTetan, azken inkesta soziolinguistikoaren arabera euskararen erabilera orokorra %20 ingurukoa den bitartean (eta kale erabileraren neurketetan %15ko emaitzak lortu izan dira). Honek hauxe esan nahi dezake: pentsa litekeenaren kontra, eremu globalean IKTek euskararen erabilera bultzatzen laguntzen dutela eta uste baino aukera gehiago irekitzen direla eremu birtualean euskara erabiltzeko. IKTen aldeko
azken urteetako apustua indartzeko bidea ematen du bilakaera honek. Bide berriak jorratu eta sendotu beharko ditu, hala ere, IKTen alorrak, garrantzia emanez, besteak beste, aisialdiako tresnei eta jolas elektronikoen industriari.

IKT: Etorkizunerako erronkak


Hizkuntzen kudeaketaren alorreko enpresen elkartea sortu da berriki, Langune izenekoa. Elkarte horretan itzulpengintza, hizkuntzen irakaskuntza, edukien kudeaketa eta hizkuntza-teknologien garapenaren alorreko euskal enpresak elkartzen dira, sektorea indartu eta Europa mailan erreferente izateko helburuarekin. Lehenbiziko saioa denez hizkuntzaren industrien sektorea egituratu eta antolatzeko, ekimen honek garrantzi handia izango du. Europan, esaterako, horrelako proiektuak hastapenetan baino ez daude. Hizkuntzen industriak herri-administrazioen babesa beharko du hasierako fase honetan, baina, aurreikuspenen arabera, sektorearen potentzialtasun ekonomikoa oso sendoa da, eta etorkizunean inolako menpekotasunik gabe garatzeko aukera izan beharko luke. Hizkuntza batek IKT alorrean etorkizuna izan nahi badu, oinarrizko baliabideak eta tresnak behar ditu. Horiek euskaraz garatzeko eta eguneratuak izateko ekimen eraginkorrak bultzatuko dira.

********

Gero, proposatzen dira zenbait ekintza, puntutako deskribapen batekin, eragile zerrenda eta garrantzi markarekin, eta adierazle batzuk zehaztuz. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak alorrean, honako ekintzak dira.

Euskarazko baliabide teknologikoen gaineko informazioa bateratu eta zabaltzea

  1. Euskarazko software katalogoa bateratu eta eguneratzea
  2. Sarean informazio gune iraunkorra abiaraztea eta eguneratuta mantentzea
  3. Komunikazio estrategiak garatzea: zabalkunde kanpainak, gidak, eskuliburuak
  4. Administrazio publikoetan informatikako tresnak euskaraz konfiguratzea eta horiek erabiltzeko moduan jartzea
  5. Azterlanak bultzatzea: neurgailu edo adierazle sistema iraunkorra eratzea, euskarazko tresnen presentzia, erabilera eta posizionamendua neurtzeko


Eragileak: Herri administrazioak, Eusko Jaurlaritza: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza.
Garrantzia: Handia
Adierazleak: Euskarazko softwarearen bilakaera tresna-motaren arabera

INTERNETen euskarazko edukiak sustatzea

  1. Erreferentziazko euskal entziklopediaren inguruko hausnarketa bideratzea
  2. Euskal Wikipedia (EW) sustatzea edukiak txertatuz; EWren kokapena aprobetxatzea euskarazko edukietarako sarbide gisa, EW-n erreferentzia eta lotura egokiz elikatu, ikastetxeetan eta unibertsitateetan EWrako artikuluak sortu eta itzuli, EW-n edukiak txertatzeko lankidetza sustatu (zientzia, teknologia, literatura...)
  3. Lizentzia libreen trataera bateratua ahalbidetzea; publikotasunaren kontzeptuaren inguruko hausnarketa bideratzea; Copyleft politika arautzea diru-laguntza publikoaz sortutako edukientzat; Publikoa den edukia sareratzea (EITBren materialak)
  4. Euskara ikasteko tresna berriak sarean ipintzea
  5. Interneteko eragile pribatu nagusiekin elkarlanerako bideak jorratzea
  6. Bilatzaileak egokitzea euskarazko bilaketak errazteko eta hobetzeko,  sektoreko eragile nagusiekin elkarlanean
  7. Sare sozialetan euskararen presentzia areagotzeko bideak erraztea


Eragileak: Herri administrazioak. Eusko Jaurlaritza:
Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, HABE; Ikastetxeak; IKTen sektoreko eragileak
Garrantzia: Ertaina/Handia
Adierazleak: Euskararen bilakaera Interneteko sare sozialetan

Euskarazko tresnak sortu eta sustatzea

  1. Euskarazko tresnak sortzen direla bermatu eta bultzatzea
  2. Hiztegi elektronikoak, hiztegien pluginak, corpusak, hiztegi entziklopedikoak, itzulpengintzari laguntzeko tresnak, itzultzaile automatikoa eta bestelako tresnak sarean erabiltzaileen eskura jartzen jarraitzea.
  3. Itzulpen automatikorako tresnak garatzea bai eta sare sozialetarako ere
  4. Euskarazko zuzentzaile ortografiko eta gramatikalak etengabe hobetu eta softwareen bertsio berrietara egokitzea, ofimatika produktuetan, nabigatzaileetan, edizio-tresnetan eta gainerakoetan.
  5. Euskarara aplikazioak lokalizatzea:
  • Sektoreko eragile nagusiekiko lankidetzarako formulak bilatzea
  • Programa edo sistema elektroniko erabilienak identifikatu eta euskarara lokalizatzea: telefonoen softwareak, sare sozialak egiteko balio duten tresnak, nabigatzaile elektronikoak, argazki-albumak egiteko aplikazioak, multimedia tresnak, CMSak...
  • Software guztietan euskarazko lokalizazioaren kalitatea bermatzea


Eragileak: Eusko Jaurlaritza: Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza, Foru aldundiak; Euskaltzaindia; IKTen sektoreko eragileak
Garrantzia: Ertaina/Handia
Adierazleak: Euskarazko softwarearen bilakaera tresna-motaren arabera

.eus dominio orokorra eskuratu eta garatzea

  1. ICANN nazioarteko erakundearen eskutik .eus dominio orokorra lortzea
  2. .eus dominio eskuratutakoan, hura kudeatzea, ahalik eta esparru gehienetan erabil dadin

Eragileak: Eusko Jaurlaritza; PuntuEus Fundazioa
Garrantzia: Handia
Adierazleak: .eus dominioaren garapenaren bilakaera

****

Jarraian itsatsita, ESEP osoaren dokumentua:

Erantzun

Sartu