Teknologia albisteak

Erabilpen mugatuko Twitter, Muskek eskaini digun azkena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-07-02 : 11:49

Atzo, uztailak 1, erabiltzaileak hasi ziren igartzen, goizetik, Twitter ez zebilela oso ondo. Aplikazioan eguneratzeak geratu zitzaizkien, edo "muga" bat gainditu zutelako abisuak jaso. Elon Muskek argitu zuen zer gertatu zen geroago: Bakoitzak ikus ditzakeen txioen kopurua murriztu du Twitterrek. Ostatatze arazoekin zerikusia izan dezaketen ingenieritzako desastre batzuk egon daitezke neurriaren jatorria. Erabilpen muga txiolariak gehien gorrota dezakeen neurria da, eta berriro hasi dira mezuak Twitter azkenetan dagoela, zein izan ote daitekeen alternatiba...

Astean gertatu zen aldaketa inportante bat Twitterren. Login egin gabe, ezin zitekeen nabigatu webgunean. Erabiltzaile profilak eta hariak klikatzeko aukera murriztu zuen Twitterrek, eta horrek eragina izan zuen hainbat tokitan, esate baterako txio itsatsi edo kapsulatuak erakusten dituzten tokietan, adibidez Sustatuko albiste honetan non Kai Nakairen txio kapsulatu bat itsatsi genuen bere garaian.

Analisi batzuen arabera, kapsulatutako milioika txiotatik eskaera extrak hasi ziren iristen Twitterren zerbitzarietara, klikek funtzionatzen ez zutela eta, jendea edo sistemak behin eta berriro saiatuz, eta DOS arazo bat sortu zuen horrek, denial-of-service edo eskaera gehiegizkoen aurrean zerbitzari itxiera. DOS bat erasoa izan ohi da normalean: cracker sare batek milioika eskaera bidali erasotuaren zerbitzarietara, kolapsatu daitezen. Kasu honetan, auto-DOS bat izan da: Twitterren erabaki suizidak eragin du beren zerbitzarien kolapsoa.

Eta zergatik hori? Twitterrek zerbitzari gastuak murriztu nahi izatea, beharbada. Nonbait Amazonen ostatatze zerbitzuarekin, AWS-rekin, ekainaren 30an amaitzen zen ostatatze akordioa eta uztailaren 1etik, arazoak izan zitzakeen Twitterrek kontratu luzapena ez bada adostu. Zenbat da urteko gastu hori? mila milioi dolarreko faktura ei da, baina batek daki. Edonola, hala edo hala, AWSrekin negoziatuz edo erabilpena murriztuz, kostua gutxitzeko premia larrian omen dago Twitter.

Zer dela ere, uztailaren 1ean zerbitzariak kargaz murriztuak esnatu beharrean, kontrakoarekin ari ziren, DOS kolapso baten aurrean. Eta hortik Musken erabakia (eta aitzakiekin emandako azalpena), erabilpen murrizketarena:

  • erabiltzaile arruntok, 600 txio ikus ditzakegu egunean.
  • ordainpekoek, 6.000 txio
  • erabiltzaile berriek (ez dakigu noiztik), 300 txio.

Hipotesi hau Twitterren bertan irakurri dugu, laburpen honetan, eta zentzuzkoa iruditu zaigu.

Neurri hauek %50 ere handitu dituela gaurko, uztailaren 2rako, esan du Muskek, baina efektu mediatikoa izugarria izan da. Informazio eta iritzi pilulen zirkulazio azkar eta kontsumo etengabea da Twitterren zentzua erabiltzaile gehienontzat. Non eta informazio iturri gehienetan, paywall edo ordaintzeko "hormak" ezarri diren, Twitterren doako informazioak ondo funtzionatzen du.

600 edo 900 txioen mugak irauten badu, azkenean, paywall ohikoaren pareko bihurtuko da Twitter. The New York Times edo antzeko hedabideetan berdintsu gertatzen da: hilean 10 artikulu doan, eta gehiago nahi izanez gero, ordaindu. Twitter halako eredu batera eramatea... itxura batean hori dakar asteburu honetako erabakiak.

Bitartean, gastuak murrizteko balioko ote dion maniobrak Elon Muski ikusteko dago. Baina diru-sarrerak handitzeko nekez izan daiteke hau ona: iragarleek ordaintzen dute Twitterren begi askok ikus ditzaketelako beren iragarkiak. Ikusleei denbora eta ikuskatzeak murrizten bazaizkie, iragarkiak gutxiago ikusiko dira, derrigor.

Eta alternatibak txiozaleentzat? Mastodon, diotenez berriz ere. Euskaraz, https://mastodon.eus/ eta https://mastodon.jalgi.eus/ 

 

Erantzun

Sartu