Teknologia albisteak

Gladys Saria 2023, hirugarren edizioa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-04-30 : 10:16

Gladys del Estal informatikariaren izena daraman sariaren 3. edizioa aurkeztu dute aste honetan. PuntuEus fundazioak antolatzen duen sari honen helburua da ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzea, gazteentzat erreferente berriak sortuz eta haien lana jendarteratzearekin batera. Gladys del Estal informatikaria izan zen, EHUko Informatikako 3. promozioko ikaslea 1979an poliziak hil zuenean protesta ekologista batean Tuteran.

2023ko edizio honetarako hautagaiak aurkezteko epea ekainaren 20a arte dago irekia. PuntuEus-eko ordezkariek publikoki aurkeztu dute deialdia aste honetan. Bertan nabarmendu zuten zein den hautagaiaren profila. “Gehienez 40 urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago, eta hautagaien egoera pertsonalak bere ibilbide profesionalean izandako eragina izango da kontutan”. Helburuen artean "STEM alorretan profil ugari daudela nabarmentzea " dago.

STEM ingelesezko akronimoa da, zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren diziplina akademikoak jasotzen dituena (science, technology, engineering & ma­ths); zientzia gogor hauetan ere nabarmentzen dira emakumezkoak, jakina, historikoki estalita egon den errealitatea, baina gaur egunean ere agerpen minoritarioa dute emakumeek alor honetan. Gladys sarien aurkezpenean, hain zuzen, zera nabarmendu zuren EHUko Informatika Fakultateko Olatz Arbelaitzek: "Azken urteetan, Informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru txikiak, urte askotan gure lurraldean zein mundu osoan %15aren azpitik egon denak, eragin zuzena du etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan, emakumeek hain bogan dauden lanbide berrietara sartzeko edukiko duten aukeran, eta ondorioz, emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean”.

Hautagaitzak aurkezteko eta gehiago jakiteko, ikus sariaren webgunea, GladysSaria.eus.

Aurreko edizioa dagokienez:

  • 2021eko irabazlea izan zen Ane Iturzaeta Agirre (Donostia, 1995), Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza eta Informatika Ingeniaritzako Gradu Bikoitza egindakoa Deustuko unibertsitatean.
  • 2022koa, aldiz, Olatz Perez de Viñaspre (Gasteiz, 1987) izan zen. Informatikari euskalduna, Python programatzailea, irakasle eta ikerlari dena EHUren Informatika Fakultateko IXA taldean eta Hitz hizkuntza teknologien zentroan. Aurten PloneConf 2023 nazioarteko konferentzian hizlari gonbidatu nagusia izango da udazkenean.

Erantzun

Sartu