Teknologia albisteak

PloneConf 2023 Eibarren, deialdia eta webgunea irekita

Erabiltzailearen aurpegia
2023-04-12 : 09:26

Iaz iragarri zen bezala (Namurren egin zen PloneConf bertan, gure lankide Mikel Larreategik iragarria) software librean oinarritutako Plone plataformaren 2023ko urteko biltzarra (PloneConf) Euskal Herrian izango da. Zehaztu da tokia eta data, Sustatu egiten duen CodeSyntax enpresak antolatzen duenez aurtengoa, enpresaren jaioterrian izango da, Eibarren, urriaren 2tik 8ra.

Software librearen arloan erreferentziazko CMS bat da Plone, web edukiak kudeatzeko sistema bat da CMS bat, eta teknologia alor honetan Python programazio hizkuntzan oinarrituta dagoen CMS ezagunen Plone da. PloneConf teknologia honen garatzaileen munduko bilera da.

Lehenbiziko PloneConf New Orleansen (AEB) egin zen 2003an, eta 20 urteren buruan Euskal Herrian izango da tartean Viena, Washington DC, Berlin, Napoli, San Francisco, Tokyo edo Brasilia bezalako hiriak bisitatu dituen biltzarrak. 2023ko Eibarko txandaren webgunea prest dago jada:

Plone softwarearen inguruko hitzaldi, lantegi eta abarrez gain, konferentzia hauetako bakoitzean zuzenean CMS honekin zerikusia izaten ez duen keynote edo hitzaldi nagusi bat izaten da. 2023koa Olatz Perez de Viñasprek emango du, informatikari euskalduna, irakasle eta ikerlari dena EHUren Informatika Fakultateko IXA taldean eta Hitz hizkuntza teknologien zentroan.

Besteak beste, Perez de Viñaspre Gladys del Estal sariaren 2022ko irabazlea izan da.

Bisitatu beraz https://2023.ploneconf.org/ eta urrian animatu etortzera.

 

Erantzun

Sartu