Ane Iturzaeta Agirrek (Donostia, 1995) irabazi du Gladys sariaren lehenengo edizioa. Gladys sariketa EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak
antolatu dute 2021 honetan lehen aldiz, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, eta bere zioa da alor digitaleko emakumezko profesionalen alde egitea. Iturzaeta saritua ingeniari informatikoa da, Microsoft-en lan egiten du adimen artifizialaren alorrean, eta emakumeak zientzian sustatzeko proiektuetan aktibista eta dibulgatzaile gisa nabarmendu izan da.
Iratxe Esnaola, Paz Cendoya eta Elena Lazkano adituek osatutako epaimahiak Iturzaetaren ibilbidea eta haren proiekzioa saritu ditu Gladys sarien lehen edizio honetan. Hala azpimarratu zuten Donostian atzo egindako ekitaldi batean, Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan hain zuzen ere.
Saria jasotzean, esker oneko hitzak esan zituen Ane Iturzaetak: ”Eskerrik asko Gladys Saria antolatzeagatik, sinetsita nago gurean talentu handia dagoela eta ikusgarria izan behar du egiten dugun hori, plazer bat izango da STEM bokazioen sustapenean lan egitea munduak ikus dezan gazteek egin dezakegun guztia”. STEM edo zientzia gogorrak esaten dieten horietan emakuzmekoen azpi-errepresentazioa gainditzea da Gladys sariaren helburuetako bat, eta horretan ere lan egin du Iturzaetak. #MakeWhatsNext iniziatiban inplikatu izan da, Zientziari-So proiektuko enbaxadorea izan da (EHU 2016-2017), WONNOW Sariaren irabazleen mentorea STEAM alorrean, Hacktoietan parte hartu du...
Aurrerantzean ere horretan jarraituko du, ze saria jasotzeaz gain (3.000 euro), konpromisoa hartu du Iturzaetak datozen 12 hilabeteeta hezkuntza zentroetan hitzaldiak emateko, STEM bokazioak sustatzeko, erreferenteak sortzen laguntzeko eta emakumeak ingurune digitalean egindako lana ikusarazteko.
Hona irabazlearen adierazpen batzuk, PuntuEus-ek prestaturiko bideoan:
Sariaren izenak Gladys del Estal informatikaria gogoratzen du. Gladys del Estal informatikaria izan zen, 1978an amaitu zituen ikasketak, eta 1979an poliziak hil zuen protesta ekologista batean Tuteran. EHUko Informatikako 3. promozioko ikaslea izan zen, hainbat alorretan aurrerakoi eta solidarioa izan zen pertsona bat.
Erantzun
Sartu