Teknologia albisteak

Txat adimentsuak gezurti gezurtero batzuk dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-03-01 : 09:12

Adimen Artifizialeko testu/txat sortzaileek naturaltasun handiz eta berehala erantzuten dizute. Baina beti egiarekin ari direnik ez dirudi. Ingelesezko adibide flagranteak dokumentatu dira ChatGPT-rekin eta beste tresna batzuekin. Joan den asteko bi adibide dakarzkigu hona, erabiltzaile euskaldunek ChatGPTri planteaturiko galderekin.

Santi Leone idazleak bere ipuin liburuaz (Liztor Mutanteak) galdetu zion ChatGPTri, euskaraz. Zuzentasunaren aldetik, erantzuna ez dago euskara guztiz txukunean, baina ulergarria da guztiz. Hori bai, sekulako gezurrak asmatzen ditu.

Liburua Iban Zalduak idatzi zuela, nobela dela, 2004koa... gezurrak edo datu okerrak. Hori bai, pozen bat ere eman dio Leoneri: "Nobela hau oso interesgarria da eta ezinbestekoa euskal literaturaren parte bat dela esan daiteke".

Alberto Barandiaranek gazteleraz ekin zion Euskaldunon Egunkariaren harira. Hizkuntza honetan hobeto erantzuten du ChatGPT-ek, baina datu zuzen batzuen ondoren, gezurrak esatera pasatu zen halaber. Bereziki, langileei 1,87 milioi euroko indemnizazioa eman zitzaiela. Ez da halakorik gertatu, noski.

Barandiaranek elkarrizketari jarraitu du, pertsona batekin argudiatuko balu bezala, eta beste zenbaki bat ere atera dio "adimen artifizialak" xisteratik, 20.000 euroko kalteordaina dela langile bakoitzak jasoa. Barandiaranen protesten aurrean, oker zegoela onartu du azkenean ChatGPT-ek.

Nola ikasiko dute zuzen (hizkuntzan) eta datu zuzenekin (okerrik edo gezurrik gabe bederen) erantzuten tresna hauek? Proiektu libre bat bada behintzat euskaraz ere trebatzen ari direna, eta joan den astean aurkeztu genizuen: OpenAssistant.

Nola erantzingo du OpenAssistant-ek? oraingoz trebatzeko aukera dugu, ez dago modurik galde-erantzun moduan testeatzeko, ChatGPTren kasuan bezala. "Garapenaren lehen etapetan gaude", diote beren FAQean. Baina hau ere agintzen dute: "Kodea eta ereduak Apache 2.0 lizentziapean lizentziatuta daude" eta entrenamendu datuak argitaratu egingo dira CC BY 4.0 lizentziapean. "Open Assistant doakoa izango da erabiltzeko eta aldatzeko" eta "Kontsumo-hardwarean exekutatu ahal izango diren bertsioak egongo dira."

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago