Mastodon komunitate euskaldunak irabazi du 2023ko Interneteko Argia Saria
Mastodon sareko komunitate euskaldunak, bi zerbitzutan antolatuak, irabazi du Interneteko 2023ko Argia Saria. Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzu euskaldunetako ordezkariak jaso dute saria gaur Argiak antolatutako ekitaldian.
Aplikazio libre eta ez zentralizatuen sarea esaten zaion Fedibertso horretako mezu laburren sare sozialen tresna da Mastodon, eta instantzia elkarlotuetan funtzionatzen du. Twitterrek Elon Musk-en jabetzaren pean 2022tik bizi dituen une korapilatsuetan, erabiltzaile asko Mastodonera igarotzen ari dira. Tresna honek nola funtzionatzen duen, tutorial txiki batean azaldu zuen Sustatuk azaroan.
Hemen Argiak sari hau emateko argudioen testua.. Pasarte bat horik: "Sare sozialek sekulako iraultza ekarri dute komunikazioaren mundura. Herritarrak komunikatzaile bihurtu dituzte, eta horri esker, berehala jakin dezakegu protagonisten eta zuzeneko lekukoen eskutik zer gertatu den munduko edozein txokotan (...) [Mastodon] sare sozial hau deszentralizatua da, publizitaterik gabekoa, eta badira bi komunitate euskarazkoak, urte osoan euskara hutsean bizitzeko aukera ematen digutenak. Eta harrigarria bezain txalotzekoa da sare sozial honetako euskarazko bi komunitate horien artean ez dagoela borrokarik, giro ona dago eta elkarren artean federatuta daude".
https://mastodon.jalgi.eus sortu zuen Izarkom telekomunikazioetako kooperatibak eta https://mastodon.eus elkarlanean sortu zuten eragile hauek: PuntuEUS, Azkue Fundazioa, Iametza, Talaios eta Laborategia.eus ekimenak.
Hona aurreko urteetan Interneteko Argia Saria jaso duten ekimenen zerrenda:
- 2022: Badok.eus, Berriaren musika ataria.
- 2021: Ikus-entzunezko euskaratuak partekatzeko Euskal Encodings.
- 2020: Egunean Behin joko/aplikazioa, CodeSyntax-ek sortua.
- 2019: Berria egunkariaren indarkeria matxistaren biktimen mapa.
- 2018: Txantxangorria.eus, Gabi de La Mazaren karaokeak.
- 2017: Game Erauntsia.
- 2016: Azpitituluak.com gaur egunean .eus
- 2015: Ipar Euskal Herriko 2014ko udal bozak elkarlanean jarraitu zituzten hedabideei emana.
- 2014: Topatu.info
- 2013: Dantzan.com eta Bertsoa.com, gaur egunean biak .eus
2012a arte, Sareko Argia saria esaten zitzaion ohore honi. Hauetxek jaso zuten izen horrekin:
- 2012: EITB Nahieran.
- 2011: Ahotsak
- 2010: Grebaorokorra.info
- 2009: Librezale
- 2008: Euskarazko Wikipedia
- 2007: IKTeroak
- 2006: Gaztesarea
- 2005: Uztarria
- 2004: Susa
- 2003: Sustatu (duela 20 urte hain zuzen!!!)
- 2002: Zientzia.net
- 2001: Irratia.com
- 2000: Eibar.ORG
- 1999: Kaixo.com
Erantzunak kargatzen...