Teknologia albisteak

Oinarrizko Mastodon pilulak txiolari euskaldunarentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-11-09 : 08:43

Elon Muskek Twitter erosi eta ekaitz-giroa sare sozial ezagunean: alternatiba Mastodon dela irakurriko zuten txiolari askok, eta bertara migratzeko unea izan daitekeela. Izatez, badira urte batzuk Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus zerbitzu euskaldunak martxan direla, eta lagun dexente aritzen da horietan, horietako batzuk Twitterren ere egon badaudenak. Mastodon alternatiba izango den, jarraipena edo gauza paralelo bat, geroak esango du, baina puntu praktiko batzuk azalduko ditugu hemen, migrazioan edo erabilpen paraleloan pentsatzen ari den txiolari euskaldunarentzat.

Oinarrizko mekanika

Txiokatzea eta Mastodon erabiltzea, mekanikaren aldetik, antzekoa da baina badaude ñabardurak:

  • Txio batek 280 karaktere arte izan ditzake. Mastodon toot edo tut batek (bietara agertzen da euskaraketan), 500 karaktere arte.
  • Like edo bihotzaren ordez, Fav egiten da Mastodonen, eta RT edo bertsio baten antzekoa ere badago: Boost deritzo.
  • Mastodonen ez dago Txio Aipatuaren edo Quote Tweet figura.
  • Mastodonen ez dago metrika zenbaketarik ez bada zure tutentzat. Zure tut bakoitzak zenbat boost izan dituen jakingo duzu, baina besteenak irakurtzean, ez duzu informazio hori izango.
  • Blokeo, isilarazpen eta mezu zuzenak; antzeko mekanikarekin esistitzen dira.

Lokala eta globala

Mastodon ez da Twitter bezala webgune edo zerbitzu zentralizatu bat. Federazio bat da (fedibertso esaten denaren parte), eta sare horretan badaaude euskarazko bi adar: Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus. Baina euskal adar horretako batean izena ematearekin batera, parte hartu dezakezu elkarrizketa globalean ere, eta beste Mastodon euskaldunean ere bai, noski. Interes komuneko instantzia ezberdinak daude sortuta interes edo politiken arabera antolatuta. Hau da, badaude kazetariak biltzen dituzten instantziak, idazle-irakurzale komunitateak edo arte plastikoetako eta argazkilaritzaren ingurukoak.

Lokal/global konfigurazio horren ondorioz, Mastodoneko zure kontuak ez du timeline nagusi bat, Twitterren izan dezakezuna bezala, baizik eta hiru timeline. Behintzat web interfazean, aplikazi mugikorra murritzagoa baita alderdi honetan.

Horra menu nagusiko aukeretan, hiru aukera bereziki, hiru timeline horiek definitzen dituztenak.

  • Hasiera da Twitterrekoaren antzekoena: zuk jarraitzea erabaki duzun jendearen timelinea. Hor egongo dira beste euskaldun batzuk Mastodon.eus-en dabiltzanak, baina baita federatutako beste zerbitzu batzuetan aurkitu duzun jendea, eta jarraitzea erabaki duzuna. 
  • Lokala da Mastodon.eus-en bertan bertakoek argitaratu duten guztia.
  • Federatua da Mastodon euskaldunekoek beste zerbitzarietan jarraitzen dituzten kontuetako edukia.

Datu inportantea, hiru aukera horiek agertzen dira kronologikoki ordenatuak. Hau da, Twitterreko konfigurazio originala ere hori zen, eta orain ere aukeratu daiteke, baina txoritxoaren zerbitzuak bere "garrantziaren araberako" ordenatze txepel bat ere badauka.

Bilaketa

Bilaketa leihoak zenbait aukera ematen ditu, baina ez testu-hutsezkoa. #EuskaraldiaMastodonen edo #Elonmusk bilatu daitezke, eta ematen dute emaitza lokala (kasu batean), eta federatutako zenbait mastodonetakoak besteak.

Pertsonak bilatu, jarraitzeko

Jendea jarraitzeko Mastodonen, ingurune lokal euskaldunean (batean zein bestean) sartu eta bertako jendeari jarraipena egiten ahal diozu. Baina beste toki batzuetako jendea? Twitterren ohikoan mundu zabaleko jendea jarraitzen ahal duzu... Teorian hori egin daiteke Mastodonen, jendearen @erabiltzaile izen eta @mastodon_sare zehatzak ezagutzea da kontua.

Esate baterako, Twitterreko pantaila-irudi honetan ikus dezakegu bi lagunek euren Mastodon kontu berriak aipatzen dituztela. 

Aproba egin dugu @ashtonpittman@mastodon.social izenarekin bilaketan, eta aurkitu dugu. Ondo. Jarraitzen ahal dugu.

Beste erabiltzailearekin, @jenniferreitman@journo.host, aldiz, kale lehenbizikoan.

Izango da, beharbada Journo.host Mastodon zerbitzu berria, kazetari anglofonoen artean antolatu dena, ez dagoela oraindik federatua euskaraz bilaketa egin dugun Mastodon.eus-etik? Edozein modutan, erabiltzaile izen horrekin URL bat berregin daiteke, https://journa.host/@jenniferreitman eta orduan bai, hori bilatuz bai, gehitu dezakegula ematen du.

 

Arauak eta abusuen aurreko defentsa

Mastodoneko instantzia bakoitzak bere arauak ditu, eta euskaldunek ere. Hemen batzuen eta besteen arauak. Oro har, bata zein bestea euskaraz aritzeko dira, eta beste hizkuntza batean idaztea onartzen da, ez bada beti-beti batek horrela jokatzen duela. Batean aipatzen da espreski belarriprest jarrera babesten dela. Bi zerbitzu euskaldunetan arrazakeria, sexismoa, xenofobia, transfobia eta hauen defentsa debekatua dago. Eta zerbitzu bakoitza bere arduradun eta kudeatzaileak dituenez, arauak hausten dituena kanporatu egiten da eta kito.

Trans eskubideen kontuan, ohartxo gehigarri bat, ez bakarrik dira transfobiaren kontrakoak instantzia euskaldunak, baita Mastodon.social gune zentralena, Mastodonen sortzaile Eugen Rochkoren politika ofiziala (artikulu honetan Argian jaso zuten bezala).

Mastodon software librea da, eta teknologia dakienak sor dezake bere zerbitzarian bere arauen araberako foro bat. Nazien mastodonak? egongo dira. Baina ez daude federatuta edo elkarlotuta euskal zerbitzuetatik.

Hasteko

Onena, probatzea:

Erantzun

Sartu