Teknologia albisteak

Euskal Encodings, Interneteko Argia Saria 2021

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-02-04 : 13:02

Euskarazko ikus-entzunezkoen sareko biltegi erraldoiak, Euskal Encodings-ek, jaso du gaur 2021eko Interneteko Argia Saria. Pandemia garaian, Argiak moldatu egin behar izan ditu bere sariak, euskarazko komunikazioaren urteroko giltzarria, eta asteko egun bakoitzean iragarpen bat egiten ari dira. 

Euskal Encodings 2003an hasi zen auzolanean, foro egitura batekin, Dragoi Bola marrazki bizidunetako telsaileko atalak denen eskura jartzeko asmo soil gisa. 18 urtean izan duen eboluzioa ikustekoa da. Euskarazko ikus-entzunezkoen biltegirik handiena bilakatu da. 1.500 film inguru dira ikusgai webgunean, adibidez. Bilketa lanetan 20. mendeko Euskal Telebistako marrazki bizidunen berreskurapen arkeologikoak egon dira, VHS-etan salbatutako lanen digitalizazioa, deskarga toki modernoetatik hartutako lanak... asko euskarazko audioekin (bikoizketa kanpoko fikzioan desagertu egin denean praktikan 2021ko ETB honen kontestuan) eta batzuk azpidatzi gehituekin.

Azpiegitura gisa, Euskal Encodings-ek sareko biltegi handiak erabiltzen ditu materiala ostatatzeko. Legaltasun zalantzazkoa du metodoak, eta iraunkortasunaren aldetik arazoak sor daitezke tarteka (Megaupload itxi zutenean bezala), baina Euskal Encodings-ek erresilientzia eta antolakuntza erakutsi du urte hauetan, arazo posibleen gainetik zerbitzu publiko kulturala ematen.

Argiak azpimarratu du ekimen horren atzean dauden lagun erdi-anonimoen lana, saria jusitfikatzeko: "Hizkuntza menostu orok ikusgarri izan behar du biziberritzeko. Esparru guztietara zabaldua. Eta XXI. mende honetan gu guztion bizitzan eragin zuzena duen eremu garrantzitsurik bada, hori ikus-entzunezkoen mundua da. Baina, zer egin dezakegu euskaldunok erdara hutsean mintzo diren NetFlix, Amazon, Filmin, HBO erraldoiek edo Youtubeko eta telebistako milaka kateek osatutako armadaren parean?."

Argiaren webgunean, sariaren justifikazioa eta Euskal Encodings-eko bi lagunen eskertza eta azalpenak, bideoetan.

Iaz, 2020ko edizioan, CodeSyntax enpresaren Egunean Behin jokoak eraman zuen Interneteko Argia Saria. Aurten, honenbestez ezagutarazi dituzten Argia Sariak, gaurkoaz gain, hauek izan dira:

  • Irratiko Argia Saria, Zubiak saioa (Euskadi Irratia eta France Bleu elkarlanean).
  • Ikus-entzunezko saria, Hondar Ahoak telesaila.
  • Komunikazio kanpaina onenaren saria: Zaldibar Argitu.

Erantzun

Sartu