Teknologia albisteak
1

Argipena: Podkast bat da RSS bat MP3 fitxategien berri ematen duena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-01-24 : 09:51

"Eta aurkitu ezazu gure podkasta plataforma honetan..." entzun edo irakurriko dugu, eta eramango zaituzte Apple Podcasts, Ivoox edo Spotify batera, eta lortzen duzuna da sistema horiek deskargatu edo erabiltzeko gonbite bat, zeinarekin iritsiko zaren edukira. Ba ez: podkast bat izan beharko litzateke definizioz RSS zerbitzu bat eskaintzen duen zeozer, eta RSS horrek eskaini beharko lukeena da, atal-azalpenez gain, audio fitxategiaren kokapena (MP3 jarri dugu izenburuan, baina OGG edo beste zerbait izan zitekeen), fitxategi hori jaisteko aukerarekin. Spotify eta izen handi horiek ez dute hori egiten; euskarazko plataforma pare batean, aldiz, Baleafunk eta EITB Podkast-en, hau ondo egiten da. Zorionak.

Adibidez, duela bi aste estreinaturiko Asier Errastiren Albistekia podkasta (Sustatun albistea), Baleafunk-en dago jada, eta RSS ikonoa hor dago harpidetzeko (ilustrazioko irudia hortik). Era berean, ale bakoitzera sartzen zara, eta MP3 fitxategia deskargatzen ahal da.

Baleafunk-eko kudeatzaile iAmetza-tik azaldu digute nola iritsi fitxategi horietara, BTN (Berezko Ta Naturala) bertsolari txapelketa nagusiari buruizko podkasta hartuz erreferentzia gisa:

  1. Joan Baleafunk-eko podkasten orrira, eta hautatu nahi duzuna.
  2. Atalaren orrian, saio bakoitza agertzen da ba eskumatan, baina sagua pasa atal bakoitzetik eta hiru puntuen botoia sakatu.
  3. "Saioaren xehetasunak" hautatu.
  4. Goian eskuinean dago audioa deskargatzeko botoia, ikono bat.

Ikus irudiz adibideak, berdin aplika daitezke noski BTNrekin edo Albistekiarekin

Lehen urratsa:

 

Bigarren urratsa:

EITBren Podkastak plataforman ere hau ondo egina dago. Adibidez:

  • Zientzia Gosaria podkastaren orria, agerian dago RSS ikonoa harpidetu botoian sakatuz gero.
  • Podkast horretako ale jakin bat, hor ere Jaitsi ikonoarekin erraz fitxategia eskuratu dezakezu.

Aukera hauek eskaintzen ez baditu podkast batek, edo podkast plataforma batek, ez da podkasta edo edo podkast plataforma. Audioak monetizatzeko beste zerbait da, aukera zilegia baina beste modu batean izendatzekoa.

Erantzunak

2023-01-25 : 16:11

Interesgarria! Arrosa sareko saioek ere hasiera-hasieratik izan dituzte RSSak irekita (https://www.arrosasarea.eus/category/irratien-programak/ ). Ez ote dira podcastago horietako asko, zerbitzu itxien bidez zabaltzen diren audio asko baino...

Erantzun

Sartu