Teknologia albisteak

Ikus-entzunezkoen legea: aurrerapen posibleak eta erreibindikazioak bozketa hurbildu ahala

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-05-17 : 16:18

Espainiako ikus-entzunezko lege berriaren tramitazioa bozketa eta onarpen posiblera iristen ari da Espainiako Kongresuan (bozketa aurrikusia, maiatzaren 26an); eta mugimenduak aregoatzen ari dira legean euskarazko eta hizkuntza gutxituetako edukiak sartzearen alde. EAJ-k zenbait emendakinen onarpena lortu duela negoziaketan iragarri du, eta beste neurri batzuekin oraindik eztabaidan ari direla. Euskalgintzako eragile batzuek, bestalde, legeak izan beharko lituzkeetn ardatz nagusiak aurkeztu dituzte gaur prentsaurreko batean.

Prentsaurrekoan zenbait erakunde egon dira ordezkatuak: Euskaltzaleen Topagunea, Tokikom, Hekimen, Pantailak Euskaraz eta Euskalgintzaren Kontseilua. Bertan legeak euskararentzat gorde beharko lituzkeen gutxieneko ardatzak aurkeztu dituzte; honako hauek:

  • Aldez aurreko finantzazioari dagokionez, hizkuntza gutxitu bakoitzari, gutxienez, % 8 esleitzea. Bestalde, katalogo orokorrean berezko hizkuntza gutxituei % 40 esleituko zaie, baina halabeharrez jasoko da hizkuntza bakoitzak gutxienez % 12 izango duela.
  • Diru publikoz egindako lanetan euskarazko, katalanezko eta galizierazko bikoizketa eta azpidatziak txertatzeko betebeharra ezartzea, horretarako erakunde publikoek behar den erraztasunak ematea.
  • Telebista publikoetan ere gutxieneko kuotak ezartzea: informatibo territorialak bertako hizkuntza ofizialean egitea, Clan TVko edukiak bikoiztea…
  • Plataformetako menuak euskaraz ere jartzea.
  • Kokapen geolokalizazio bitartez euskarazko edukiak nabarmentzea.
  • Autonomia-erkidegoek legea garatzeko eta euren hizkuntza ofizialak sustatzeko betekizun berriak sartzeko aukera izatea.

EAJ-k bestalde, emendakin batzuen bidez zenbait akordio erdietsi dituela PSOErekin iragarri zuen atzo. EAJ-k 58 emendakineko dokumentu bat aurkeztu du (ikus hemen PDFa), eta 40 onartuko direla aurreratu dute (zehatz zein izan diren esan gabe), beste 10 ere eztabaidan daude.

Informazioen arabera, badirudi onartutako kontuen artean daudela:

  • EITB erakundearentzat eta beste kanal autonomikoentzat eskumenak gordetzea Internet bidezko ikus-entzunezkoen alorrean.
  • TVEk zein beste kateek haurrentzako edukietan bikoizketa egitea.
  • Finantziazio zein emisio kuotetan, hizkuntza gutxitu bakoitzak ziurtatua izango duela minimo bat. Hau da, ez dela banaketa arbitraio bat izango 'Espainiako hizkuntzetan" banatzeko, baizik eta minimo bat galiziera, katalanez eta euskaraz, kasu bakoitzean.

Hala ere, EAJk ez du lortu (tamalez, Joseba Agirretxea diputatuak adierazi duenez) neurriak Espainiatik kanpoko operadoreentzat direla adierazterik. Espainiako Gobernuak uste du Europako arteztarauak ez duela uzten Netlfix bati arau hauek ezartzerik, Herbeheretan ezarria dagoelako enpresa denez. EAJ ez dator bat irakurketa horrekin, eta, praktikpoki ikusi denez, ezta Frantziako Estatua ere, zeinak ezarri dizkion bere finantziazioa eta emisio kuotak Netflixi eta besteei, frantses hizkuntza babesteko.

EAJren emendakinez gain, beste talde batzuek ere aurkeztu dituzte batzuk. Kongresuko legearen tramitazio orrian ikus daitezke horiek: A-77-4 dokumentuan, hemen.

Irudia, Movistar plataformaren iragarki bat katalanez.

Erantzun

Sartu