Teknologia albisteak

Azkenengo kripto saga: DAO zoro bat, Dune eta Jodorowsky

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2022-01-29 : 09:22

Duela egun batzuk Spice DAO izeneko erakunde berezi batek (DAO bat da, hain zuzen, beherago azalpena), Alejandro Jodorowskyk egin nahi izan zuen Dune film bertsioaren eszena-liburua erosi zuen. 2.66 milioi euro gastatu zituzten enkante batean, eta filma berregiteko asmoa zutela esan zuten. Guztiak disparate baten traza dauka...

Batetik, DAO delakoa. Kriptomoneta, blockchain eta teknologia hauen kripto lengoaian, iaz famatu egin zen NFT terminoaren ondoan, modako beste bat orain: DAO edo decentralized autonomous organization, edo erakunde autonomo ez-zentralizatua. Hitzaren zentzu zehatzari begiratuta, erakunde mota hori erraz irudika daitekeen zerbait da, ez derrigor berria, baina DAO-ak kripto-teknologian oinarritzen direla da koxka; elkarteko kide zara, ohikoan, DAOak berak emandako kripto-token baten jabe bazara; eta era berean erakundearen arauak (demagun erabakietarako gehiengo prozesuak), blockchain teknologian kodetuta daude.

Hortaz, DAO bat antolatu daiteke bere partaidetza salduz: horrela dirua ere bildu daiteke, eta horrela dirudi Spice DAO delako honek euro edo dolar errealak lortu zituela. Orain, zertarako? Enkante batean liburuki hori erosteak objektu fisiko baten jabe bihurtu ditu. Baina horrek ez du esan nahi filma berregiteko eskubiderik eskuratu dutenik, ez Dune frankiziaren jabeen aldetik, ezta adaptazio horretarako Alejandro Jodorowskyk edo beste batzuek egindako artelan edo garapen gehigarrien gainean ere.

Baina tira, horixe egin nahi dutela dio haien txioak.

Liburu berezi horren jabetzak zerbait esan nahiko du, agian, baina bere edukia, izatez, sarean ikusgai dago. Norbaitek digitalizatu eta Googlera igo zuen bere garaian (nahiz eta egun batzuen buruan kendu duten, ekintzaren arrastoa geratu da toki batzuetan).

Nolanahi ere, Dune hori, 1970eko hamarkadako proiektu ero samarra zer izan zen jakiteko ikus daiteke dokumental hau, Jodorowsky's Dune (euskarazko azpidatziak daude).

Ekoizpen zoro samarra izan zen, eta ez zen inora iritsi. Hori bai, interesgarria da ikustea nola eragin zuen ez bakarrik Dino de Laurentiisek ekoitzi eta David Lynch-ek zuzendutako Dune 1984koan, baita Star Wars sagaren hasieran izandako eragun estetiko eta baita argumentalean. Errepasatzen dituzu George Lucasek eta bere Lucasfilm frankizia-jabeak (orain Disneyren parte) idatzi dituen historia ofizialak ikusiko duzue ez dagoela inolako aitortzarik Jodorowskyren Dune hari, baina dokumentala ikusita, hori zalantzan jarri daiteke.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago