Teknologia albisteak

Token digital ez suntsigarriak (NFT-ak), memeak saltzeko modua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-05-06 : 08:35

Blokchain edo bloke-kateen teknologiaren bidez ziurtaturiko elementuen merkatua kriptodirutik NFT-etara hedatu da azken hilabeteotan. NFT edo Token digital ez suntsigarriak, jabetza digitalen salmentarako erabiliak, memeak eta abarrak. Ideia zentzuzkoa ote den zalantzan jartzen dute askok. Disaster Girl memea egin zuen neskak (adin nagusiko jada), meme hori horrela jarri du salgai, adibidez. Saldu nahi duena benetan desastrea ez ote den...

NFT edo Token digital ez suntsigarriak (non fungible tokens) "lan digital baten egiletza eta originaltasuna ziurtatzen duen identifikadore kriptografiko ez faltsugarri bat da. Blockchain teknologia baliatuz, lan digital bat originala eta bakarra dela egiaztatzeko balio dute, gero hori merkatuan saldu ahal izateko." Euskarazko izena eta definizio hau Gorka Juliori zor dizugu (artikulu honetatik).

Lan digital horiek izan daitezke byte-etan kodetutako edozein elementu, dela irudi bat, GIF animatua, soinuak edo bideojoko bateko elementu bat. Elementu digital jakin batek kopia perfektuak izan ditzakeela ere hala da, baina jabetza kate bat blockchain bidez ziurtatuta, bakarra da.

Memeen kasuan, Disaster Girl delakoaren irudi originala jarri du Roth familiak salgai NFT-en bidez, 500.000 dolarreko prezioan ia. 2004koa da irudia: sutea gertatu zen auzunean eta alabarekin zebilen aita batek, Chris Rothejk, argazki hau egin zuen. Zoe neskatoak 21 urte ditu orain.

Nyan katu ortzadartsuaren animazio digitala salgai jarri du Chris Torres izeneko programatzaileak (haren sortzaile originalak).

Baina zer esan nahi du Disaster Girl memearen jabe izateak? Memeen erreprodukzio etengabeak ezinezko bilakatzen du copyright biljketa antolatua. Hemen itsasten dugu Disaster Girl, eta ez da ezer gertatzen.

Eta zuek ere kopia bana jaitsi dezakezue hemendik, eta Sustatuzale bakoitzak izango du irudi bera... Eta eraldatzeko ere lasai, ezta? letra batzuk gehitu dizkiogu jada irudiari..

Orduan, zerbaiten jabetza ziurtagiri bat besterik ez da NFT, jabetza ustezkoa errepikagarria eta ubikuoa da (memea alde guztietan dago) baina blockchain bidezko ziurtagiria bada segurua eta ez-errepikagarria. Ustez irudi orijinalaren egilearen baimenetik sortutako blockchain kate bat... Eta ziurtagiri horrek balioa du? Blockchain-ean oinarritutako Bitcoin txanponak bezainbeste: elementu mugatu bat dira, eta hortaz, urritasun horretatik datorkio balioa. Aldi berean bloke-katean jabetza elementu bat ziurtatzea, esku aldatzea, edo konprobatzea, konputazio konplexu baten ondorioz gertatzen da. Zenbat eta trantsakzio gehiago, are gehiago luzatzen den konputazio bat gainera.

Konputazioaren kontu honengatik, NFT-en edo kriptomoneten balioa benetakoa den ala ez alde batera utzira, kostua badu kostua teknologia honek. Hala nola Bitcoin meaketak (buitcoin zehatzen bilaketa algoritmikoak) konputazio kostu handi-handia duen bezala, NFT-en ziurtagirien konputazio, kalkulu eta ziurtatze etengabeak, arrakasta badu, efektu berdintsuak izango dituela uste da.

Desastre ekonomiko honetan sinistu behar duzu? Disaster Girl pozik dagoela dirudi...

 

Erantzun

Sartu