Euskariana aurkeztu dute gaur, "Euskadiko Liburutegi Digitala". 750.000 multimedia-objektu baino gehiago biltzen ditu; kasu batzuetan materiala jaisteko aukerarekin, eta beste batzuetan erreferentzia bibliografikoak, non gordetzen den objeku edo lan jakin bat. Webgunean copyright ohar zorrotz bat jarri duten arren, egiazki eduki libre mordoa dago, PDM (domeinu publikokoa) edo CC-BY lizentzia librearekin markatuta.
Euskarianaren fondoen jatorria beste euskal erakunde batzuen artxiboen bateraketik dator: Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Bilgunea, Ondare Bibliografikoaren Katalogo Kolektiboa, Aldundiak, Eusko Ikaskuntza, Eresbil edo Sancho el Sabio, Labayru eta Lazkaoko Benediktinoen fundazioa, besteak beste.
Jaurlaritzaren ohar ofizialaren arabera, Euskarianak bildu nahi du
Helburu horiek lortzeko, ekimenak "ahalik eta baliabide digital gehien bildu nahi ditu euskal kulturarekin lotuta, eta bereziki, bibliografikoak, erregistroak sistematizatuz eta homogeneizatuz, materialen jatorria identifikatuz eta sortzaileen eskubideak errespetatuz".
Bilaketa sistema pixkat konplikatua da Euskarianan, baina tira, azkar dabil. Bilaketa aurreratuan, saiatu zerbait jartzen Izenburua alorrean, eta egin murrizketa gero dokumentu-motaren menuarekin. Bilduma nagusien arabera ere arakatu daiteke.
Webgunea ohar zorrotz batekin dator, "Eusko Jaurlaritza 2021 egile-eskubideak, eskubide guztiak erreserbatuak", baina eduki guztiak ez daude horrela, eskubidez itxira. Argazki bilduma librea ia osorik, ia 10.000 argazki. Era berean, Material grafikoa alorreko eduki gehiena ere librea da.
Horrek ez du esan nahi Euskarianan argazki guztiak libre direnik, ze museoko objektu askoren irudiak daude, baina horiek ez daude "argazki" gisa sailkatuta eta euren irudiak copyright itxiren batekin egon ohi dira.
Eskuizkribuen atalean ere eduki libre mordoxka dago PDM markarekin (jabetza publikoa esan nahi du horrek).
Musika/soinua eta ikus-entzunezkoak kategorietan datozen edukiek ez dute eskubide egoerari buruzko oharrik. Egunkari eta aldizkarietan, pieza asko libreak dira ordea.
Bisitatu eta eraibili Euskariana: https://www.euskariana.euskadi.eus/
Tamalez artikulu honetan jarri ditugun bilaketan oinarritutako esteka gehienak ez dabilza. Permalink kontzeptuarekin ez du harreman onik webguneak. Saiatuko gara argitzen.