Teknologia albisteak

Tokikom sariak 2021, lan eta azal bikainak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-11-13 : 10:40

Tokikom sarien 2021eko ekitaldian, atzo Arrasaten, jardunaldi interesgarri bat izateaz gain, tokiko komunikabideen sareak nominatuta zeuzkan proiektuen artean bere sariak banatu zituen. GuaixeGeuria, Goierri Irrati-Telebista eta Karkara izan dira sari irabazleak. Epaimahaia osatu dute Maria Gorosarri, Edorta Arana eta Amaia Pavon irakasleek.

Kazetaritza sarietako hiru kategorietan hauek izan dira sarituak:

  • AZALIK ONENAREN SARIA: Sakanako Guaixe aldizkariaren ‘Uda Sakanan' alearen azala. Epaimahaiaren aburuz, "alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Sakanako Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala. Begi-kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako ondare natural eta kulturala oso modu bisualean islatzen da". Azalaren eta kontrazalaren baturak osatzen zuten lana, irudian ikus daitekeen bezala.

  • EDUKIRIK ONENAREN SARIA. Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, “Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak” monografikoagatik. Hego Uribeko Geuria hilabetekariak hainbat uztarketa interesgarri egin zituen, berak ere udako zenbaki berezian. Alde batetik gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezberdinak eta informazio iturri anitzak ere uztartu ditu. Testuaren eta alde grafikoaren arteko oreka ere mimo handiz zainduta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa ere: infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak ez dira falta, ez eta paperezko edukia digitalarekin lotzeko QR kodeak. (artikulu honen ilustrazio nagusirako lan horren alderdi grafikoaren alde bat jarri dizuegu).
  • IKUS-ENTZUNEZKORIK ONENAREN SARIA. Goierri Irrati-Telebistak (GITB) jaso du, “Ateak itxi, leihoak ireki” lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan bikaina egin du, Covid19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, orain hain urrun geratzen zaigun esperientzia kolektibo horren testigantza gordetzeko. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta errelato zabala eskaintzen du, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz, estetika oso zainduarekin eta edukia hitzen bidez ez ezik, irudiak erabiliz ere transmititzeko ahalegina eginez. Gerora begira ere, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin dezaten nola bizi izan den itxialdia bertatik bertara.
  • Laugarren saria KOMUNITATEAREN SARIA izan da, publikoak erabakia Internet bidezko bozketan. Aukerarik bozkatuena, proposaturiko finalisten artean, jasotako 373 bozken %25arekin, Karkara aldizkariak aurkeztutako “Bandera da Orion” azal ederra izan da, honakoa:

 

Erantzun

Sartu