Teknologia albisteak

Joxe Azurmendi hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
atzo : 19:06

Atzo hil zen Donostian 84 urterekin Joxe Azurmendi (Zegama, 1941) pentsalari, filosofo eta idazlea. Jakin aldizkariaren taldeak jakinarazi du sareetan: "Joxe Azurmendi hil zaigu. Jakin Taldeko kide eta azken hamarkadetako euskal pentsalari emankorrena. 40 liburutik gorako obran, nazioaz, biolentziaz eta haren kondenaz, pentsamendu sozialaz, gizabereaz, euskal pentsamenduaren genealogiaz… aritu da. Arloz arlo, modernitatearen ideia hegemonikoen irakurketa kritikoa egin du, Euskal Herritik eta euskaraz. Eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen, eta haren pentsamenduaren ur-jauziari jarraipena emateko konpromisoa.". Jakinek hautaturiko irudi eta esaldia da hona ekarri duguna: "Euskararen hautua herri desegin bat berregiteko hautua da". Agur hau ere idatzi dute Jakinekoek.

Joxe Azurmendiren ibilbide intelektuala Arantzazun hasi zen, frantziskotarrekin. Garai horretan Joseba Intxaustik zuzentzen zuen Jakin aldizkarian laguntzaile hasi zen.

1960ko hamarkadan Europan ibili zen, Alemanian bereziki. Alemanian zela, Zeruko Argia astekarira "Zergatik eta zertarako euskaldun?" izeneko artikulua bidali zuen 1967ko urtarrilean. Artikulu horrek eztabaida gogorra sortu zuen eta hainbaten aldetik salaketa gogorrak jaso zituen Azurmendik. Urte bereko Jakin 27/28 zenbakian erantzun zuen Azurmendik bere ikuspegia azalduz: "Euskaldun izateko jaio bainoago, ahalegindu egin behar da". Bere ikuspegi filosofikoa eta politikoki abertzalea euskararekin lotu zuen beti. Fankismo ostean Euskal Herrira itzuli zen.

Jakinek zabaldutako ohar batean zera nabarmentzen dute: "Euskararen, euskarazko kulturaren eta Euskal Herriaren aldeko hautuak eraberritzen funtsezkoa izan zen haren pentsamendua 60-70eko hamarkadetan. Minorizazio eta zapalkuntza egoera betean, euskararen alde egitearen zentzuaz galdetu zuen, eta aldarrikatu jaiotzak ez, ekiteak egiten duela bat euskaldun; euskararen aldeko praktika jarraituak elkartzen duela diren eta izango diren euskaldunen komunitatea."

40 liburutik gorako obra utzi du. Bibliografia hori errepasatzeko, ikus Wikipediako artikulua. Bere obrarik ospetsuena eta salduena 1992ko Espainolak eta euskaldunak izan da. Euskaraz ez dakienari libururik gomendatu behar badiozue (gazteleraz badaki behintzat), horren itzulpen hau:

Jakinek jakinarazi du ez dela hilbeila edo hileta ekitaldirik izango. Gugan bego, Joxe Azurmendi.

Erantzun

Sartu