Adimen Artifiziala oro har izen nahiko txarra hartzen ari da. Arazo etikoak planteatzen ditu: dakartzan kostuak (energia kontsumoan, gizakien lanari balio kentzen), emaitzak adimenaren ilusio faltsu bat direla, AA ereduak entrenatzeko edozer kopiatzen dutela... Azken puntu horren haritik, arreta deitu digun salaketa bat: Errioxako Dialnet kopiatu duela osoki Espainiako AA ahalegin publiko handienak, Barcelona Supercomputer Center (BSC) delakoak bultzatutakoak. Gaiak badu interesa, eta bide batez, aitzakia ematen digu Dialnet aurkezteko Sustatun, benetan baliabide aparta baita.
Dialnet da Errioxako Unibertsitatearen testu zientifikoen datubasea. Artikulu zientifiko eta liburuen biltegi handi bat. Eta gertatu dena da, Jotdown aldizkarian salatu dutenez (eta Espainiako Kongresuko agerraldi batean azaldu denez), bertako eduki guztia erabili duela Barcelona Supercomputer Center (BSC) delakoak Hizkuntza Eredu Handi edo LLM bat elikatzeko eta entrenatzeko. Hau da, datu eta testu zientifikoak eman eta eman makinari, honek AA moduko zerbaitekin erantzun ahal izan dezan. Jakintza kopiatu, erantzun edo zerbitzu "adimentsuak" emateko.
Hau onartezina iruditzen zaio Jotdown-eko idazle Angel L. Fernandez Recuerori. "El gran robo del siglo" deritzo, gizaldiko lapurreta handia. Eta artikuluari (I) zeinua jarri dio, jarraipena emateko (ekainaren 20tik, oraingoz ez da iritsi jarraipen hori).
Aurrekari edo erreferentzia argi bat dago, albiste izan dena aurten, eta Sustatun ere tratatu genuena: Metak, Facebooken konpainiak, Library Genesis (LibGen laburduraz ezaguna) Interneteko liburutegia osorik kopiatu du bere AA elikatzeko.
Baina... gauza bera da? Ñabardura batzuk egingo ditugu:
Hain zuzen ere, euskaraz, zerekin trebatu AA? Geuk (euskal erakunde publikoek bultzatutako ekimen horiek) ere ezin dugu Dialnet erabili?
Izatez, euskarazko jakintza mordo bat ere badago Dialneten. Bilatu euskarazko termino bat, deklinatuta adibidez, hala nola Donostiako. 351 emaitza (eta gorago, pantaila irudia). Edo zientzia: 3.000 emaitza. Euskal gaiei buruzko erdarazko informazioa ere aurkitzeko oso balekoa da, Wikipedia-zaleentzako sekulako altxorra. Adibidez, "gótico navarro" bilatu dugu, eta 157 emaitza.
Eta horri... AA tresna propioak egiteko orduan, uko egin behar diote euskal garatzaileek? edo Espainiakoek, berdin...
Probatu https://dialnet.unirioja.es/ Errioxako Unibertsitatearen Zerbitzua. Mila kilometroan inguruan ez dago unibertsitate batek sortu duen tresna hoberik. Sinplea, azkarra, eta sakonera izugarrikoa.
Errioxako Unibertsitateak egin du hori Logroñon? Bai.
Erantzun
Sartu