Joan den asteleheneko erorketa nahikoa buruhauste ez zen Facebook-entzat (gehi filtrazioak bere praktika toxikoez), eta asteburuan berriro arazoekin gertatu dira (Whatsapp eta beste zerbitzu batzuetan zenbait ordutako etenak, ostiraletik aurrera). Hala ere, ez dirudi azken orduetan gertatu dena beste erorketa masiboaren parekoa denik. Guztiarekin, errepasotxo bat egin diogu aurten Interneten izan diren hiru erorketa handienei.
Urriak 4. Facebook-en BPG arazoa. FB eta bere marka eta zerbitzu guztiak, Whatsapp eta Instagram, funtzionamendu gabe zazpi orduz. Internetetik desagertu balira izan zen, metaforikoki eta praktikoki ere, jabetza horiek guztiak esparru propio mugatu moduko batean baititu Facebook-ek, lurralde propio bat Interneteko kontinentean, eta lurralde horretara sarbidea (mugazain lanak, nolabait) ahalbidetzen duten BPG zerbitzuetan egin zuten okerra. Hemen kontatu genuen.
Ekainak 8. Fastly-ren CDN arazoa. Eten hau ordubetekoa izan zen, baina era askotako eta mundu osoko oso webgune garrantzitsuei eragin zien (Amazon, Reddit, The New York Times, The Guardian, Financial Times, Twitch, Twitter, Spotify...). Lainoan eduki banatu eta zerbitzatzeko sistema handi batek huts egin izanaren ondorioa izan zen, eta euskarazko azalpena ere eman genizuen-
Martxoak 10. OVH datu-zentroen sutea Estrasburgon. Frantziako eta munduko ostatatze enpresa handienetako bat, OVH. Kasu honetan ez zen "arazo informatikoa" izan, sute bat baizik, datu-zentroko eraikin batean baino gehiagotan (elkarrengandik oso gertu baitzeuden, ez logika handiarekin). Ondorioz gertatu zen zerbitzu erorketak beraien bezero asko ukitu zituen, era askotako webguneak, baita Euskal Herrian ere; baina batzuk berreskuratzen joan ziren heinean, beste batzuentzat kolpea erabatekoa izan zen: euskarazko Blogariak.net-eko historia eta edukiak, 15 urtekoak, desagertu ziren sutean. Kolpe hau bereziki gogorra euskarazko Internet eremuarentzat.
Ikustrazioko irudia, Wikipediako euskarazko irudi honetatik eratorria.
Erantzun
Sartu