Teknologia albisteak

Fastly izeneko CDN edo "edukia banatzeko sarearen" okerra izan zen atzokoa

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-06-09 : 17:04

Ordubete pasatxo izan zen hutsa, baina Interneteko munduko zerbitzu askori eragin zien. Hainbat webgune global jausi ziren atzo eguerdi aldera, denak aldi berean.  CDN edo content delivery network deritzon zerbitzu batek, enpresa bakar baten zerbitzuak (Fastly izeneko enpresa bat), egin zuen huts. Gertatu zenaren gakoak azaltzen saiatuko gara, Internetek gaur egunean nola funtzionatzen duen ilustratzen digulako.

Mundu mailan honako zerbitzuei eragin zien, besteak beste: Amazon, Reddit, The New York Times, The Guardian, Financial Times, Twitch, Twitter, Spotify... Espainian jausi ziren egunkari zenbait, horien artean El País, El Mundo eta As. Frantzian ere, hedabideak izan ziren kaltetu ezagunenak: Le Monde, L'Obs, L'Equipe.

Fastly izeneko enpresa baten okerra izan zen erorketen eragilea. Ez da izen ezagun bat publikoarentzat, baina gaur egungo Interneten tarteko zerbitzu funtsezko bat eskaintzen duen enpresa handi mota batekoa da: CDN bat da, content delivery network bat da, edo, osoago, cloud-based content delivery network bat. Edukia banatzeko zerbitzu bat, edo lainoan oinarritutako edukia banatzeko zerbitzu bat.

Informazioa lainoan gordetzearen ondorio bat dira CDN hauek. Zerbitzari jakin bat (edo multzo txiki bat) izan beharrean webgune edo zerbitzu baten edukia eta konputazio gaitasuna zerbitzatzen duena (horrek ere arriskuak ditu, ikus zer gertatu zen OVH ostatatze zerbitzuaren sute eta hondamendiarekin), edukiak "lainoko" puntu desberdinetan banatzen da. Lainoa ez da entitate difuso bat, eduki elementuen zati edo bit-ak, toki zehatz desberdin eta errepikatuetan daude kokatuta, eta CDN-ak zati bakoitza non dagoen daki, eta erabiltzaile bakoitzari edukia han-hemendik eskuratuz, eduki pieza desberdinen puzzlea osatuz, bere weborria edo funtzioa eskaintzen dio.

Zerbitzu globalen kasuan, beste faktore bat ere kontuan hartzen dute CDN zerbitzuek: segun nondik datorren eskaera, lainoko posizio geografikoki hurbilenetik komeni da edukia zerbitzatzea. The New York Times-eko eduki bat kontsultatzea ez da berdina bisitaria Ameriketan edo Europan badago; CDN-ak aurkibide geografiko bat ere badu bakoitzari hurbileneko nodoetatik emateko edukia.

Era berean, zerbitzu global hauek ez bakarrik erabiltzen dute CDN bat: zerbitzari nagusi bat ere egon ohi da. CDN-ari edukia eskatzen diozunean, dena delakoagatik, ez badator erantzunik laino-puzzle horretatik, eskaera zerbitzari zentralera doa, eta handik ere joan daiteke edukia. CDN-aren huts txiki baten kasuan, milisegundu batzuetako atzerapenare kasuan, zerbitzari zentraleko trukoak funtziona dezake, baina CDN-aren hutsa luzatzen bada, erorketa edo arazo larri bat badauka, zerbitzari zentralak ere erotzen dira. Horixe gertatu zen atzo Fastly CDN-a jaustea: lehenbizi bere zerbitzu propioan ataskoa, eta jarraian, ia berehala, bere bezero diren handi guztien zerbitzari zentraletan. Azalpen txukin bat USA Today egunkariak eskaini du adibide grafikoekin hemen, eta goiko irudia ere bertatik jaso dugu.

Baina tira, ordubetean edo, konpondu zuten, eta herenegun bezala gabiltza gaur, normal samar.

Erantzun

Sartu