Astelehenean izandako erorketa ez da seguruenik Facebook-ek azken hilabeteetan izandako kolpe handiena: langile ohi baten salaketak bai, ordea. Izatez, Mark Zuckerberg Facebook-eko sortzaile eta nagusiak komunikatu luze bat kaleratu du, eta lehen parrafoan erorketarena anekdotikoki aipatuz gero, mamira doa: txintxoak direla eta ez gaiztoak.
Facebooki min eman diona Frances Haugen langile ohiaren testigantza izan da. Irailean Facebook-eko barne dokumentuen multzo filtratu zuen Haugenek The Wall Street Journal egunkarira (The Facebook Files), eta aste honetan bi agerraldi publiko inportanterekin osatu du salaketa: CBS telebista estatubatuarreko 60 minutes programa eragin handikoan agertu da, eta Estatu Batuetako Senatuan agerraldia egin du ikerketa batzorde batean.
Haugenek han eta hemen salatu dituen kontuen artean:
- Facebook bereziki ari da nerabe gazteen artean engaiamendua lortu nahian. 13 urtetik beherakoek debekatua dute Facebook-en egotea, baina segmentu horren bila ere aritzen dira kanpainetan. Era berean, Instagram Kids programa ustez ezabatu duten arren (jardun toxikoetara bide zela salatu zen), horretan lanean jarraitzen dutela uste du Haugenek.
- Facebook-ek adimen artifizialaren bidez moderazio eta eduki-kontrola egiten duela dio; baina eduki toxikoaren %10 edo %20 gehienez detektatu daiteke horrela bakarrik, Facebook barruko txostenek onartzen dutenez.
- "Era desberdinetako sare sozialetan lan egin izan dut; badakit arazo konplexuak egoten direla; baina bereziki Facebook barruan hartu diren erabakiak desastre bat dira, gure haurrentzat, segurtasun publikiorako, gure pribatutasunerako eta demokraziarako". Senatuan hitzez hitz esana.
- Gardentasuna oztopatzeko ahaleginak egiren ditu Facebook-ek, adibidez iazko abuztuan New York Unibertsitateari datu-sarbidea kendu zieten, txertoen inguruko desinformazioaren gainean ikertzen ari zirela.
- Bereziki ingelesez ez den gorroto-mezuek eta desinformazioari ez zaio jaramon handirik egiten. Indarkeria pizgarri izaten ari da hau, adibidez azken hilabeteetan Etiopian.
- 2018an ezarritako algoritmo bat da kulpante nagusia Haugenen iritziz. Albisteen feed delakoa determinatzeko (erabiltzaile bakoitzari zein eduki erakutsi), interakzio ugaritasuna da faktore erabakigarria eta horrek toxizitatea hedatzen du, eta barne dokumentuetan ikusten da Facebook-ek jakin bazekiela, baina hala ere onura gehiago ikusten ziola horrela funtzionatzeari (engaiamenduan eta hortaz publizitatea saltzeko aukeretan).
- Haugenek bereziki egin zuen lan toxizitatea kontrolatzeko AEBetako hauteskunde kanpainako programa batean. Presidentziarako hauteskunde kanpainan zehar kontrolak, bere gora-beherekin, funtzionatu zuen; baina azaroan bozketa izan eta berehala, Facebook-ek programa eten zuen. Kontrolik gabeko aurreko egoerara itzultzea apropos aukeratu zuten: azarotik aurrera, Trump-ek galdu zuela onartu ez eta matxinada sustatzeari ekin zion. Aurtengo urtarrilaren 6an, Kapitolioa indarrez hartu zuten matxinatu trumpistek. Eduki-kontroleko tresnak biharamunean itzuli ziren...
Zer dio Zuckerbergek honi guztiari buruz? ikerketa eta lana serio egiten dutela, eta lana zintzo eta ondo egiten ari direla, eta lan hori desitxuratzea ikusteak min ematen diola. Sinetsiozue.
Frances Haugenen salaketen inguruko hiru iturri ingelesez: Mother Jones, The Guardian, TechCrunch.
Mark Zuckerbergen erantzuna, Facebook-en bertan (login egin gabe irakurri daiteke, beste eduki askotara trabak jartzen dituzte alta emanda bakarrik erantzun dezazun... euskal edukiak han jartzen dituztenek jakin beharko lukete jokabide toxiko horrek kaltea besterik ez dakarrela).
Erantzun
Sartu