Martxoaren 10ean Interneteko alor batzuetan oihartzuna izan zuen albistea izan zen, OVH enpresaren Estrasburgoko datu-zentro batek sua hartu zuela. Europako ostatatze zerbiztuetan inportanteenetakoa izan da OVH azken urteetan. Webgune batzuetan izandako orduetako arazoetatik haratago, euskarazko Interneteko esparruan ondorio negargarria izan du OVH-renak: Blogariak.net-eko edukiak galdu dira, hainbat blog euskaraz, haien artikuluen eta iruzkinen historikoarekin; 15 urteko lana kasu batzuetan. OVH-ren desastrean, ez bakarrik erre zitzaien datu-zentro nagusia; baita, ondoan zegoen eraikin batean zegoen beste datu-zentro bat, non segurtasun kopia edo backup-a zeukaten.
Blogariak.net sortu zuen Elurnet enpresak ohar triste bat kaleratu behar izan du. "Pena guztiarekin esan behar dugu 15 urte baino gehiagoko gure proiektu polit hau betirako desagertu dela, lur jota gaude amaiera honekin eta ezin dugulako zuen lana behar bezala berreskuratu baina azken urteetan proiektu honetan eduki dugun finantziazio ezak ezinezkoa egiten digu berriro martxan jartzea."
Artxiboak galdu dituzten blog interesgarri eta aberatsen artean, Ricardo Gomez Lopez hizkuntzalariaren Filoblogia, Gorka Lekarozek zeukan Linguanavarrorum.blogariak.net eta Euskargazki, Ekaitz Santaziliaren irudi bildumaren tokia. Elurnet-en gomendioz, lagun batzuk koordinatu dira Archive.org-etik artxibo zaharrak berreskuratzen webgune horietatik. Ea zortea duten.
Blogariak.net 2005ean sortu zen, euskarazko blogak sortzeko lehen plataforma gisa, 2005eko azaroan, Blogari.net izenarekin. Gorka Julio informatikariak, orduan Elurnet-en, ohar hau kaleratu zuen Sustatun. 2010ean, plataforma eraldatu zen eta sare sozial baten ezaugarriak hartu zituen, Blogariak.net izenera pasatuz; baina izaera nagusiari eutsi zion, bloga euskaraz edukitzeko plataforma izaten jarraitu zuen. Hemen orduko albistea.
Hondamendiak alerta piztu du edukiak sarean dituzten enpresetako sistema-administratzaile edo sysadmin-en artean. Interneteko profesionalen eginbeharra da ziurtatzea, eskainitako zerbitzuetan, segurtasun kopia edo backup-en plan bat dagoela. OVH-k ere eskaintzen zuen, baina sute baten kasuan, zerbitzari bat errez gero, segurtasun kopiarena ere erretzeko arriskuan egon zitekeela... Hori ez zuen susmatzen Elurnet-ek ezta euskarazko edukiak sarean jartzeko ardura hartu duten beste inongo euskal enpresa bateko arduradunek. Sustatu sareratzen duen CodeSyntax-en elkartasuna osasuna Elurnet-ekiko, eta galera hau jasan duten euskal blogariekiko.
OVH-rena ikaragarria izan da. Lau datu-zentro handi zeuzkaten, baina eraikinak elkarri itsatsia zeuzkaten; sutea gertatu ondoren, segurtasun akatsaren disparatea hain da agerikoa non zaila dirudien sinesten. Martxoaren 10ean, sutea gertatzean, zerbitzu askok galdu zuten Interneteko presentzia. Asko berreskuratu dira ondoren, baina zenbatek izango zuten Blogariak-net-en patua, antolakuntza inozo horrengatik historia galtzekoa?
Erantzun
Sartu