Teknologia albisteak

Joseba Arregi EAEko Kultura sailburu izandakoa hil da

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2021-09-14 : 14:06

Joseba Arregi, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu eta hainbat urtean EAJko buruzagi izandakoa, gaur hil da 75 urte zituela. Jeltzale destakatua izatetik euskal abertzaletasuna arbuiatzera igaro zen 21. mendean, nazionalismo espainolarekin guztiz lerratu arte.

Andoainen jaio zen Joseba Arregi Aranburu, euskararekiko eta abertzaletasunarekiko kezka zuen familia batean. Bere anai-arrebak, Begoña Arregi eta Rikardo Arregi (hain gazte zendutakoa), kazetari, idazle eta euskara irakasle izan zituen; eta beste anaia bat, Mikel Arregi, EAJn aktibo izan da, GBBn eta Andoainen, 2020an erretiratu den arte.

Teologian eta Soziologian doktore zen Joseba Arregi, eta hainbat saiakera idatzitakoa. Frankismoaren garaian hasi zen militatzen Euzko Alderdi Jeltzalean, klandestinitatean. Eusko Jaurlaritzako Kulturako sailburu izan zen bi epealditan (1984-1985 eta 1987-1995), eta bigarrenean etsaituta egon zen guztiz Euskalduon Egunkariaren proiektuarekin.

Abertzaletasunarekin gero eta kritikoagoa agertuz joan zen 20. mendeko azken urteetan, baina ez zion utzi EAJko legebiltzarkide izateari 2001. urtera arte; eta nonbait militantzia jeltzalea 2004an eten zuen. 2004an Aldaketa izeneko plataformarekin agertu zen lerratuta, nolabait PSE-EEren alde.

PSOEren posizio horietatik eskuinerago ere mugitu zen Joseba Arregi geroago. 2014an Alderdi Popularrak proposatuta mintzatu zen Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean, autonomia estatutuaren erreformaren aurka, abertzaleek bakarrik nahi zutelakoan.

Aurrerago, abertzaletasunaren kontrako kritikak bera jeltzale zeneko erabakietara iritsi ziren. 2019an argitaratu zuen El Correon Lizarra-Garaziko hitzarmena sinatu zela ez-nazionalistak baztertzeko; eta hori estaltzeko "ahanztura" praktikatu izan dela euskal politika. Hain zuzen ere, Lizarrakoa 1998an sinatu zuen EAJ-k, eta Joseba Arregik segitu zuen EAJ-ko legebiltzarkide izaten 2001. urtera arte.

Bere azken agerpen publikoetako bat 2020eko urrian egin zuen, Libres e Iguales talde espainiarrak "Viva el Rey" bideoa kaleratu zuenean. "Gora Erregea, hiritar askatasunen eta eskubideen bermea", zioen 1'34'' segunduan, gazteleraz beste pixkat gehiago gehitu aurretik.

Argazkia, 1996, Aiurri eta Wikimedia Commons.

Erantzun

Twitter ikonoa  Facebook ikonoa  Sartu